Koronabirusa

Abuztu osoan ere Nafarroan etxera joateko ordua jartzea da asmoa

Egungo murrizketak irailaren 2ra arte luzatzeko eskabidea helarazi dio Nafarroako Gobernuak Nafarroako Auzitegi Nagusiari, onets dezan

Iruñeko kaleak erdi hutsik, iluntze batean. JESUS DIGES / EFE.
Arantxa Iraola- Iñaki Etxeleku
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak hainbat murrizketa ezarri ditu eguneroko bizitzan, COVID-19aren izurriari aurre egite aldera. Etxeratzeko agindua da neurrien artean nabarmenenetariko bat, eta orain murrizketa horiek irailaren 2ra arte luzatzeko eskatu du. Horretarako onespen eskea egin dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari. Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak eman zuen atzo eskabide horren berri. Justiziaren esku utzi duten foru arau berriak lehengo astetik indarrean dauden murrizketak bere horretan uzten dituela zehaztu zuen, eta helburua dela horiek luzatzea abuztu osoa. Ondorioz, kutsatuen intzidentziarik handiena duten herrietan etxeratzeko ordua ezarrita egongo da datorren hilabete osoan: 01:00etik 06:00etara. Era horretan, gauetan jende pilaketak saihestu nahi dira, orain kutsatzeen sorburu asko tankera horretako jazoeretan izaten diren ustea baitute osasun agintariek.

Neurriak ezinbestekoak direla defendatu zuen atzo Remirezek: «Hauxe da orain egoera epidemiologikoa; neurriak beharrezkoak dira, neurrizkoak, eta premiazkoak garai honetarako». Etxeratze agindua ezartzen dute hamalau egunetan metatutako intzidentzia 250 kasukoa baino handiagoa bada, eta zazpi egunean 125ekoa edo handiagoa bada.

Maskara Lapurdin

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak maskara kanpoan ere janztera behartu du Baiona, Angelu, Miarritze, Getaria, Donibane Lohizune, Hendaia Lapurdi itsasaldeko hirietan, hiri horietako «auzapezekin hitz egin ondoan». Hots, 09:00etarik 21:00etara da derrigorrezkoa maskara eramatea soinean kalean, herenegundik eta abuztuaren 31 arte. Gainerako hiri eta herrietan, maskara beharrezkoa da kanpoko merkatu eta azoketan, kaleko manifestazioetan, kultur ekitaldietan, eta jende ilarak sortzen dituzten eraikinen aitzinean.

Alkohol kontsumoa debekatu du, halaber, sei hiri horietako kaleetan, bai eta Bidarten, Urruñan eta Ziburun ere. Debekuak ez du balio tabernetako terrazetarako. Prefetak erran du neurri horiek azken egunetako osasun egoeraren bilakaeragatik hartu dituela; bereziki, Lapurdi itsasaldean intzidentzia tasak azkar gora egin baitu. «Euskal Hirigune Elkargoaren eremuan, intzidentzia tasa 405 da 100.000 biztanleko. Izan ere, kutsatzeen emendatzea hiri zenbaitetako turista kopuru goititze handiari lotua da», adierazi du prefetak, prentsa agiri bidez. Delta aldaeraren kutsakortasun azkarragoari lotu du, halaber, hedatzea: kutsatuen %66k dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.