ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. Erreakzioak

Otegik «salto kualitatibotzat» jo du Urriaren 18ko Adierazpena

Pozik agertu da eragile gehienen erantzunekin. Urkulluk «autokritika» exijitu dio ezker abertzaleari; Remirezek, «pauso gehiago»

Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Urriaren 18ko Adierazpenera iristeko bidea ez da «erraza» izan, EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek adierazi dutenez, baina «ibilbide baketsuaren» aldeko apustua «betirako» iritsi da. Astelehenean emaniko «salto kualitatiboa» nabarmendu dute biek ere, besteak beste, orain arte erabili gabeko «hitz eta kontzeptuak» plazaratu dituztelako. «Zor genien Maria Jauregi eta Rosa Lluchen gisako pertsonei, politikan ez dagoen jendeari, eta irabazi politikoak bilatzen ez dituztenei», azaldu du Otegik. Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat, baina, ez da nahikoa.

Urratsa «aldebakarrekoa» izan da, Rodriguezek atzo Euskadi Irratian adierazi zuenez, eta ez «ezeren truke» eginiko adierazpen bat. Otegik, berriz, Catalunya Radion azaldu zuen ezker abertzalean egindako prozesu baten ondorio dela, eta gehitu aurrera atera dela «zalantzak dituzten sektoreak» egon arren: «Uste dute jasotzen dugun baino askoz gehiago ematen dugula».

Orokorrean, Otegi eta Rodriguez pozik agertu ziren eragile politiko eta sozial gehienek eta «biktima askok» emandako erantzunekin. Halere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren erreakzioa kritikatu zuten biek. Rodriguezentzat, «ulergaitza» da haren jarrera. Otegik, berriz, «haserretuen taldearekin» bat egitea leporatu zion, hau da, PPrekin eta Voxekin. «Lehendakaria haserre dago herrialdearen zati handi bat pozik dagoen bitartean», azaldu zuen EH Bilduko koordinatzaileak.

Lehendakariak berak ere Catalunya Radion egin zituen adierazpenak. Hark «positibotzat» jo zuen biktimen sufrimenduari eginiko aitortza, baina astelehenekoa ez zitzaion iruditu ez «berezia», ezta «berria» ere. Hala, «autokritika» gehiago egiteko eskatu zion ezker abertzaleari: «Aitortu behar du ETAk ez zuela inoiz existitu behar».

Antzeko diskurtso bat egin zuen Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek ere. Erabaki «positiboa» izan zela adierazi zuen hark, urrats bat gehiago «indarkeriari zilegitasuna kentzeko» bidean. Halere, harentzat ere «ez da nahikoa»: «Gizarteak espero du oraindik ere pauso garrantzitsu gehiago ematea, inoiz gertatu beharko ez lukeen horren aitortzarantz».

ETAren biktimen artean, Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidente Tomas Caballerok azaldu zuen «mezu on bat» dela ezker abertzaleak emanikoa, eta azaldutako enpatiak «itxura ona» duela. Halere, uste du gehiago behar dela; hala nola ETAren indarkeria «gaitzestea»: «Ongi etorria da, bakea eta lasaitasuna eragiten dituelako, baina porrot sozial eta politiko hori falta da».

Madrilen, erasoka

PPk Espainiako Gobernuari kontra egiteko erabili zuen adierazpenak eragindako harrabotsa. Alderdiko eledun Cuca Gamarrak azaldu zuen parlamentuan legez besteko proposamen bat aurkeztu zutela, «ETA gaitzesteko» eta Espainiako Gobernuari exijitzeko ez dezala hitzarmenik egin hala egiten ez duten alderdiekin. Modu horretan, Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko Moncloaren eta EH Bilduren arteko negoziazio posibleei egin zien erreferentzia. Senatuan, berriz, su-etenaren harira onartzekoa zuten adierazpen instituzionala izenpetzeko atzera egin duPSOEk, «gaiaren instrumentalizazioa» saihestea helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.