Indarkeria matxista

Kartzelara bidali dute Asparreneko hilketagatik atxilo hartutako gizona

Alemaniako 28 urteko emakume bat da hildakoa: Sophia Losche. Kamioian hartu zuen gizonak

Asparreneko Udalak deituta, Araiako plaza bete zuten herritarrek atzo, hilketa gaitzesteko. GENTZANE MARTIN.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Kartzelan sartu dute Asparrenean (Araba) hilda azaldutako emakumearen auzian atxilotutako gizona. Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du erabakia, nazioarteko kasu bat izanik. Orain arteko informazioen arabera, izan ere, Alemanian auto-stop egiten ari zen emakumea, eta atxilotutako gizonak hartu zuen —kamioi gidaria da—. Uste dute bidean hil egin zuela, eta gorpua Asparrenean utzi zuela, errepide bazterrean. Sophia Losche zuen izena hildako emakumeak, eta 28 urte zituen.

Haren senideek joan den astean jarri zuten salaketa, ostegunetik ez baitzeukaten berririk; Leipzig inguruan desagertu zen, Alemanian. Bilaketa agindua eman zuen Poliziak, eta, are, kamioi gidari baten susmoa zabaldu zuen, emakumea ibilgailu horretara igoa zelakoan. Guardia Zibilak asteazkenean atzeman zuen kamioizalea, Jaenen (Andaluzia, Espainia). Hedabide batzuek iturri judizialak aipatuz azaldu dutenez, Alemaniatik Marokora zihoan kamioia. Atxilotutako gizona atzo eraman zuten Auzitegi Nazionalera, Carmen Lamela epailearen aurrera, eta behin-behinean kartzelan sartu zuten. Gizona entregatzeko eskatu du Alemaniak.

SPDko ordezkaria

Zirrara eragin du hilketa matxista horrek Alemanian. Hildako emakumea, izan ere, SPD Alemaniako alderdi sozialdemokratako kidea zen, eta hango gazte taldearen presidente izana. Gobernuz kanpoko erakundeetan ere aritzen zen boluntario, besteak beste, errefuxiatuei laguntza ematen. PSE-EEk hilketa salatu du, eta jakinarazi du SPDko arduradunekin harremanetan jarri dela.

Hilketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean, Asparreneko Udalak antolatuta; dozenaka herritarrekin batera, erakundeetako ordezkariek ere parte hartu zuten. Emakundek, esate baterako, ohartarazi du horrelako hilketak direla berdintasunik ezaren «adierazgarri latz eta gogorrena». Mugimendu feministak ere salatu du hilketa, nahiz eta ez duen protestara deitu, hildako andreak ez zuelako bizimodua Euskal Herrian egiten.

Sophia Loscherekin, bost dira aurten indarkeria matxistagatik hil dituzten emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.