Onkologikoa Osakidetzako «beste zentro bat» izateko araua prest dago

Titulartasun pribatuari eutsiko dio, baina osasun zerbitzu publikoak zehaztuko ditu lan ildoak

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak lehen pausoa eman du Gipuzkoako Onkologikoa Osakidetzako zentroen sarean txertatzeko. Horretarako araudia onartu berri du: irabazi asmorik gabeko osasun zentro pribatuekin hitzarmenak sinatzeko dekretua onartu du. Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu du egun halako itun bat soilik Onkologikoarekin sinatzea dutela aurreikusita. Edonola ere, iragarri du balitekeela geroan beste zentro batzuekin sinatzea , baldintzak betetzen badira. Onkologikoari dagokionez, Darponek urtea amaitu aurretik adostu nahi du ituna osasun zentroaren jabe Kutxa Fundazioarekin; 2019an Osakidetzako «beste zentro bat» izatea nahi dute.

Dekretuaren arabera, Onkologikoak titulartasun pribatuari eutsiko dio: Kutxa Fundazioak izango du. Ordea, Osasun Sailak finkatuko ditu erietxearen ildo estrategikoak, bat egin dezan gainontzeko zentro publikoek dituztenekin. Darponek azaldu du hitzarmenak ez duela zerbitzuen salerosketa arautzen: ez die preziorik jarriko zerbitzuei. Aldiz, hitzarmen horrek azpiegituraren integrazio asistentziala, klinikoa eta funtzionala arautuko du; hau da, titulartasun publikoa duten zentroen antolaketa eta funtzionamendu erregimen berdina izango ditu, bai eta kontrol neurriak ere, finantza, kudeaketa, eskubideen berme eta jardueran.

Darponek azaldu du hitzarmen mota horrek «baliabideak optimizatzea» ahalbidetuko duela, eta, ondorioz, «osasun arretaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea». Sailburuak gaineratu du horri esker pazientea «prozesuaren erdian» jarriko dutela, EAEko osasun zerbitzu publikoen printzipioen arabera: «Unibertsaltasuna, elkartasuna, kalitatea eta ekitatea».

Hitzarmenean, asko lotzeko

Dekretua aste honetan argitaratuko da seguruenik. Orduan geratuko dira agerian hitzarmena lortzeko oinarrien nondik norakoak. Horien barruan, hainbat alor egongo dira: Onkologikoan Osakidetzako langileak egoteko aukera; jarduera pribatuari eusteko aukera eta horretarako baldintzak; edota zentro pribatuenhistoria klinikoetarako sarbidea. Darponek iragarri du Osasun Saila, Osakidetza eta Kutxako patronatua negoziatzen hasiko direla dekretua argitaratzen denetik.

Dekretuaren zirriborroaren arabera, Osasun Sailak urteko aurrekontuan aurreikusitako inbertsioa finantzatuko du. Ordea, osasun zentroak jarduera pribatua emateko aukera izan dezakeenez, horretara bidera dezakeen dirua finantzaketa publikotik kenduko da. Halaber, idatziz jaso beharko dituzte Osakidetzak eraikinean edota materialean egin ditzakeen inbertsioak; hartara, hitzarmena etengo balitz, Osakidetzak hori guztia berreskuratuko luke.

Zirriborroaren arabera, hitzarmena bost urterako izango da, eta luzatzeko aukera izango dute. Are, bost urte horiek pasatzean, urtez urte luzatuz joango da, aldeetako batek kontrakoa esaten ez duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.