Onkologikoa Osakidetzako «beste zentro bat» izateko araua prest dago

Titulartasun pribatuari eutsiko dio, baina osasun zerbitzu publikoak zehaztuko ditu lan ildoak
Gipuzkoako Onkologikoaren sarbidea, artxiboko irudi batean.
Gipuzkoako Onkologikoaren sarbidea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU

Jon Rejado -

2018ko irailak 5
Eusko Jaurlaritzak lehen pausoa eman du Gipuzkoako Onkologikoa Osakidetzako zentroen sarean txertatzeko. Horretarako araudia onartu berri du: irabazi asmorik gabeko osasun zentro pribatuekin hitzarmenak sinatzeko dekretua onartu du. Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu du egun halako itun bat soilik Onkologikoarekin sinatzea dutela aurreikusita. Edonola ere, iragarri du balitekeela geroan beste zentro batzuekin sinatzea , baldintzak betetzen badira. Onkologikoari dagokionez, Darponek urtea amaitu aurretik adostu nahi du ituna osasun zentroaren jabe Kutxa Fundazioarekin; 2019an Osakidetzako «beste zentro bat» izatea nahi dute.

Dekretuaren arabera, Onkologikoak titulartasun pribatuari eutsiko dio: Kutxa Fundazioak izango du. Ordea, Osasun Sailak finkatuko ditu erietxearen ildo estrategikoak, bat egin dezan gainontzeko zentro publikoek dituztenekin. Darponek azaldu du hitzarmenak ez duela zerbitzuen salerosketa arautzen: ez die preziorik jarriko zerbitzuei. Aldiz, hitzarmen horrek azpiegituraren integrazio asistentziala, klinikoa eta funtzionala arautuko du; hau da, titulartasun publikoa duten zentroen antolaketa eta funtzionamendu erregimen berdina izango ditu, bai eta kontrol neurriak ere, finantza, kudeaketa, eskubideen berme eta jardueran.

Darponek azaldu du hitzarmen mota horrek «baliabideak optimizatzea» ahalbidetuko duela, eta, ondorioz, «osasun arretaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea». Sailburuak gaineratu du horri esker pazientea «prozesuaren erdian» jarriko dutela, EAEko osasun zerbitzu publikoen printzipioen arabera: «Unibertsaltasuna, elkartasuna, kalitatea eta ekitatea».

Hitzarmenean, asko lotzeko

Dekretua aste honetan argitaratuko da seguruenik. Orduan geratuko dira agerian hitzarmena lortzeko oinarrien nondik norakoak. Horien barruan, hainbat alor egongo dira: Onkologikoan Osakidetzako langileak egoteko aukera; jarduera pribatuari eusteko aukera eta horretarako baldintzak; edota zentro pribatuen historia klinikoetarako sarbidea. Darponek iragarri du Osasun Saila, Osakidetza eta Kutxako patronatua negoziatzen hasiko direla dekretua argitaratzen denetik.

Dekretuaren zirriborroaren arabera, Osasun Sailak urteko aurrekontuan aurreikusitako inbertsioa finantzatuko du. Ordea, osasun zentroak jarduera pribatua emateko aukera izan dezakeenez, horretara bidera dezakeen dirua finantzaketa publikotik kenduko da. Halaber, idatziz jaso beharko dituzte Osakidetzak eraikinean edota materialean egin ditzakeen inbertsioak; hartara, hitzarmena etengo balitz, Osakidetzak hori guztia berreskuratuko luke.

Zirriborroaren arabera, hitzarmena bost urterako izango da, eta luzatzeko aukera izango dute. Are, bost urte horiek pasatzean, urtez urte luzatuz joango da, aldeetako batek kontrakoa esaten ez duen bitartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna