Uholdeak Tafallan. Iragarpenak

Espero ez zuten bezalakoa

Aemetek azaldu du ezohikoa izan zela ekaitza, eta baliabiderik ez dutela halakoak aurreikusteko

jokin sagarzazu
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ez zuten halakorik espero Aemet Espainiako Meteorologia Agentzian, eta aitortu dute «berandu» iritsi zirela. 17:00etan ezarri zuten abisu laranja; ordurako hasia zen ur jasa. «Bagenekien ekaitz indartsuak izango zirela, eta eguerdirako eman genuen abisu horia. Gero etorri zena ezin izan genuen aurreikusi». Halako ekaitz «berezien» berri izateko egun dituzten «zailtasun teknikoak» azaldu ditu Peio Oria Nafarroako Aemeteko arduradunak. Haren hitzetan, «ezohikoa eta muturrekoa» izan baitzen herenegungoa. Ekaitz perfektua. «Euri kantitate handikoa, eremu jakin batera mugatutakoa, eta luze iraun zuena —bizpahiru ordu—».

Oriak azaldu duenez, ekaitz indartsuak «ohikoak» izaten dira Nafarroako ingurune horretan, uda eta udazken partean: «Ia urtero izaten da baten bat». Baina ez halako ezaugarriekin. Gertatutakoa ez dute arrotz meteorologoek, eta horren arrazoiak zein diren badakite: halako ekaitzak gertatzen dira fronte erdiestatiko hertsiengatik. Oriak azaldu duenez, Iberiar penintsulatik aire hotz poltsak sartzen dira. Ohikoena da Ebro ibaiaren ibilbidearen erdiko tarteetan biltzea.Hainbat kilometroko hodei bertikalak sortzen dira —herenegungoak, hamalau kilometro ingurukoak—. Geldirik geratzen dira ekaitzak, eta ur kantitate handiak botatzen dituzte, indar handiz. «Baina normalean denbora epe labur batean».

Hortaz, herenegungoak badu «berezitasun» bat, ezohikoa bihurtzen duena, Oriaren arabera: iraun zuen denbora, bost-sei ordu. Aldea ikusteko, iazko uztailaren 13an Tafallan bertan jazo zena jarri du adibide moduan. «Ur handia bota zuen, baina hamabost minutu baino ez zuen iraun ekaitzak; ez zuen arazorik eragin ia».

Kopuruei dagokienez ere, Nafarroako Aemeten «aurrekari gutxi» dituzte, inguruko herrietan behintzat. 1999ko irailean, Lergan metro koadroko ehun litro jaso zituzten; 1987ko urrian, Esan, 140 litro. Herenegun, kopuru handienak Lerga eta Izkoko mendilerroaren artean jaso ziren, Getadarren: 160 litro —han inguruan atzeman dute ekaitzagatik hildakoa—; eta Tafallan, 100 litro.

Adituek iragarri zuten euri jasa handiak izango zirela herenegun arratsaldean Nafarroa osoan, eta leku batzuetan bereziki bortitzak izango zirela. Tafalla eta inguruetan kontzentratu ziren. Iruñean, esaterako, 27 litro metro koadro jaso zituzten, eta Lizarran eta Irunberrin, hurrenez hurren, 20 eta 26 litro. Tafallara gerturatu ahala gora egin zuten kopuruek: Artaxoan 52 litro; Agoitzen, 52; Miranda Argan, 56; eta Uxuen, 59. Neurgailuek Tafalla eta inguruetan egin zuten gainezka. San Martin Unxen, 84 litro; Erriberrin, 88. Goizean ez zuen euririk egin, eta bat-batekoa izan zen ur jasa. Tafallan 17:20an hasi zuen, eta ordu erdi lehenago mendi aldean.

Ur kopuruez eta denboraz gain, beste «faktore gakoa» da ekaitzaren kokalekua, Oriaren arabera. «20 kilometroko ratio batera mugatu zen; hortik kanpo, ezer gutxi». Euri kopuru handienak Zidakos ibaiaren goiko parteetan bildu zirela azpimarratu du Oriak, eta horrek egoera «are gehiago» okertu zuela. «Behera egin zuen urak, indar handiz; han pilatutakoari batu, eta dena eraman zuen aurretik».

Sei orduan 0,18 metrotik 5,75era igo zen uraren maila Zidakos ibaian. Ur emari handiena gauerdian izan zuen. Ordurako, alarma guztiak piztuta zeuden, eta jendeari etxean geratzeko eskatu zieten agintariek.

Kokaleku zehatza

Zidakos ibaiaren emariak orain arteko marka guztiak hautsi zituen. Duela 30 urte datuak biltzen hasi zirenetik, Erriberriko estazioak ez zuen sekula halako emaririk erregistratu. Nabarmen gainditu zuen estazioko gehienezko neurria, 5 metroko garaieran ezarria zegoena.

Aurreikuspenetan egindako «hutsa» bere gain hartu arren, Aemeteko arduradunak azaldu du egun dituzten teknologiekin «oso zaila» dela zehaztea halako ekaitzen «kokaleku zehatza». «Ezin da 24, 12, edo 6 ordu lehenago egin. Halakoetan, ditugun ereduek ez dute beste kasu batzuetan bezala funtzionatzen. Behin ekaitza gertatzen ari dela, hasten gara jarraipena egiten, eta orduan ematen dugu abisua, eta ezartzen dira babes neurriak: ezin dugu gehiago egin. Atzokoa [herenegun] ezohikoa eta muturrekoa izan zen». Abisu laranja ezarri zutenerako, «tamalez», berandu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.