Jardunekoak ere bai

Erkorekak esan du Espainiako jarduneko gobernuak estatutu bat eten badezake bete ere egin dezakeela. EAEkoak 35 eskumen falta ditu

Josu Erkoreka, atzo, Gasteizen, Jaurlaritzaren bilera ostean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«[Gobernu bat] Jardunean egonda estatutu bat eten badaiteke, pentsatzen dut, jardunean, estatutu bat bete ere egin daitekeela, eman gabe dauden eskumenak emanda». Hala esan du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuak, Gasteizen, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuak Katalunian konstituzioko 155. artikulua ezartzeko aukeraz egindako adierazpenen harira.

Jaurlaritzaren bileraren osteko prentsaurrekoan kazetariek galdetuta, Erkorekak esan du Katalunian ez daudela «beharrezko baldintzak hain muturrekoa, salbuespenekoa eta traumatikoa den agindu bat aplikatzeko». Gainera, nabarmendu du, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren herenegungo hitzak gogora ekarriz, 155.a ezartzea ez dela egokia, «ez orain ez inoiz».

Iazko ekainean Sanchez Moncloara heldu ostean, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak EAEko 1979ko estatutuaren garapena desblokeatzeko akordio bat egin zuten, baina oraindik ere 35 eskumen falta dira jasotzeko.

Sorturen oharra EAJri

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak EAEko estatutu politiko berriaren egitasmoan jarri du azpimarra, Euskadi Irratian, eta EAJri ohartarazi dio ez uko egiteko EH Bildurekin estatutu berriaren oinarriei buruz lortutako akordioari. Izan ere, adierazi du «kezkaz» ikusten duela EAJ hartzen ari den jarrera, PSE-EE ere egitasmora batu dadin orain arte «adostutakoa beheratzen edo ezkutatzen» ari delakoan. «PSEk ukatu egiten du erabakitzeko eskubidea», esan du Sortuko buruak, eta eskubide hori ez jasotzea, haren esanetan, estatutu berriari «uko» egitea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.