Aizarnazabalgo biktimaren azken orduak ikertzen ari da Ertzaintza

Urteberri egunean desagertutako emakume donostiar batena da gorpua: Aintzane Pujana. Hipotesi guztiak zabalik dituzte poliziek

Ertzainak, atzo, gorpua agertu zen ingurua miatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Erredakzioa
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Goiz da jakiteko hilketa matxista bat izan den; hipotesi guztiak irekita daude». Herenegun Aizarnazabalen (Gipuzkoa) hilotz agertu zen emakumeari zer gertatu zitzaion argitu nahian ari da Ertzaintza, bertako zuzendari Rodrigo Gartziak atzo Radio Euskadin azaldu zuenez. «Indarkeria zantzuak» zituen gorpuak, eta polizia iturriek jakinarazi dute labankadaka hil zutela. Biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen ari dira orain, baina Ertzaintzak ez du informazio gehiagorik eman, ikerketa konplexua izango delakoan. Lerro hauek idazteko orduan, ez dute inor atxilotu hilketarekin lotuta.

Gartziak berak baieztatu duenez, hilotza Aintzane Pujana Etxeberriarena da; Donostiakoa zen, eta 32 urte zituen. Urteberri egunean desagertu zen, eta hala salatu zuten gertukoek. Aizarnazabalen bertan ikusi zuten azken aldiz —hainbat hedabideren arabera, herriko landetxe batean igaro zuen Urtezahar gaua—, eta han agertu zen gorpua, astelehen goizean: behargin batzuek aurkitu zuten, Urola ibaiaren ertzean, Etxabe auzoan. Hain justu, erreka inguruak aztertzen aritu ziren atzo poliziak, baita urpekariak ere.

Era berean, atzo ziren gorpuari autopsia egitekoak Donostian, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan. Ikerketaren lehen zantzuen arabera, labanaz egindako zauriak zituen, eta hil eta gutxira aurkitu zuten gorpua. Edonola ere, Gartziak adierazi du autopsia plazaratu arte —txostena osatzeko egun batzuk behar izaten dituzte— itxaron beharko dela biktima nola hil zen jakiteko, eta gaia epaitegien esku uzteko. «Gure egitekoa gertatutakoa argitzea da, testuingurua jartzea, eta azken orduetan biktimarekin egon ziren pertsonak identifikatzea». Ikerketan aurrera egiten ari direla erantsi du, «justiziaren esku uzteko gertaeren egilea edo egileak»; halere, oraindik ez dute atxiloketarik egin, eta ikerketako hipotesi guztiak zabalik dituzte.

Aizarnazabalgo hilketa indarkeria matxistaren ondorio balitz, Euskal Herrian 2003tik bortxa horrek hildako 108. andrea litzateke Aintzane Pujana. 2020. urtearen amaierak ere albiste latza utzi zuen: Marian Ibarluzea arrasatearra hil zuen bikotekideak Kanaria uharteetan (Espainia).

Edonola ere, instituzioak zuhur jokatzen ari dira, eta oraingoz ez dute adierazpenik egin hilketaren inguruan. Aizarnazabalgo Udala baino ez zen mintzatu atzo: webgunean eskegitako ohar baten bidez, elkartasuna adierazi zion biktimaren familiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.