Koronabirusa

Azken hiru hilabeteetako eri gehien ZIUetan: 113 daude gaitzak jota

Nafarroako ZIUetan direnen %80 txertatu gabeak dira. Kasuen %90etik gora, delta aldaerakoak

Erizain bat gaixo bat artatzen, Nafarroako Unibertsitatea klinikako ZIUko gela batean. JESUS DIGES / EFE.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Izurriteak Hego Euskal Herrian utzitako datuek kontrako bi joera erakutsi dituzte azken asteotan, pandemiaren bilakaera neurtzeko aldagaiaren arabera. Birusaren kutsatzeari loturiko aldagaietan aski bistakoa da leuntzea, kutsatuen kurbak beherako bidea hartu baitu, nabarmen. Erietxeetako egoera, ordea, larriagotzen ari da: egunetik egunera, ospitaleak gero eta estuago dira, birusarekin kutsatutako gaixoak artatu behar baitituzte. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 48 pertsona ospitaleratu zituzten herenegun, eta, horiek kontuan hartuta, gaitza duten 439 lagun daude Hegoaldeko erietxeetan sarturik. Gainera, osasun agintariek zehaztu dutenez, horietako 113 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan erietxeratuta daude, larri. Hain zuzen, maiatzaren 28tik erregistratu den kopururik handiena da hori. Kurbak argi erakusten du gorakada bortitza izan dela azken asteotan: Hego Euskal Herriko ZIUetako okupazioa bikoiztu egin da hilabete bakarrean; izan ere, uztailaren 24an 64 pertsona zeuden gaitzak jota.

Zehazki, egun Hegoaldeko ZIUetan diren 113 pazienteetako 31 Osasunbidearen zentroetan ospitaleratuta daude. Gaixo horiei dagokienez, Nafarroako Osasun Departamentuak ohar baten bidez zehaztu du unitate horietan diren gaixoen %80 txertatu gabeak direla, hau da, COVID-19aren kontrako dosi bakar bat ere ez dutela hartu.

Ospitaleetan ez bezala, pandemiaren bilakaera ilunetik urruntzen ari da birusaren transmisioari so eginez gero. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako informazioaren arabera, herenegun COVID-19a atzemateko 4.922 proba diagnostiko egin ziren Hegoaldean, eta horietako %9k eman zuten positibo: 450ek. Ekainaren hondarretik ez da izan hain kopuru apalik. Aipatzekoa da, ohi bezala, astegunetan baino test gutxiago egin zirela igandean, baina, dena dela, herenegun detektatutako positiboak iragan asteetako igandeetan izandakoak baino franko gutxiago ziren.

Antzematen ari da COVID-19aren pandemiaren bosgarren olatu deiturikoa barealdian sartzen hasia dela. Hala ere, osasun agintariek erne segitzen dute izurria gaiztotu dezaketen faktoreei begira, hala nola birusaren aldaerei. Espainiako Osasun Ministerioak plazaratutako informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian detektatzen diren kasu ia guztiak delta aldaerakoak dira: hamarretik bederatzi baino gehiago. Zehazki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako positiboen %92 dira delta aldaerakoak; Nafarroan, ehunekoa are handiagoa da: %97.

Beste bi heriotza egoitzetan

Birusa zahar etxeetan sartu da berriz ere. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Aldundiak herrialdeko bi zahar etxetan bi heriotza izan direla jakinarazi du berriki. Gaitzarekin eri ziren bi egoiliar hil dira asteburuan, bat Oiartzunen eta beste bat Irunen. Aldundiak argitaratutako informazioaren arabera, oraintxe bertan 43 kasu positibo daude Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.