Koronabirusa

Nafarroan, kirol zelaiak zalez bete ahalko dira bihartik aurrera

Eusko Jaurlaritzak ez du «oraingoz» lurralde kontseiluak ikuskizunetarako onartu duen neurria hartuko. Asteartean bilduko da Labi

joxerra senar
Iruñea
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bihar, San Mamesen, Athleticen eta Alavesen arteko derbian, gehienezko edukiera %60koa izango da oraindik ere; aldiz, etzi, Osasunak Rayo Vallecanoren aurka jokatuko duen partidan, Sadar zelaia aspaldiko partez zalez bete ahalko da, Getafen (Madril, Espainia) Realak igandean jokatuko duen partidaren modura. Atzo, lurralde kontseiluan, Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoetako osasun kontseilariek onartu zuten bihartik aurrera kanpoko kirol zelaiak %100ean zalez betetzea eta barruko kiroldegietako gehienezko edukiera %80ra handitzea. Batzorde horretan, Nafarroako Gobernuak alde egin zuen, eta Jaurlaritza abstenitu egin zen.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu zuen «oraingoz» Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez diotela bide horri jarraituko. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Sagarduik gogoratu zuen batzordeak ezarritako edukierak gehienezkoak direla, eta erkidegoek halako ikuskizunetan ikusle edo zale kopurua zehazteko eskumena dutela. «Guk oso argi dugu ikuspegia. Hemen erabakitzea dagokigu». Era berean, zehaztu zuen erkidego bakoitzak bertako bilakaera epidemiologikoaren arabera neurriak egokitu ditzakeela: «Zuhurtzia handiagoz jokatu behar dela uste duten erkidegoak daude».

Hartara, datorren asteartean, urriaren 5ean, bilduko da Labi izurriaren egoera aztertu eta hartu beharreko neurriak zehazteko. Hala aurreratu zuen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. 16:30ean jakinaraziko dituzte aldaketak, eta, intzidentzia beherantz egiten ari denez, larrialdi egoera amaitutzat jotzea espero da, Nafarroako Gobernuak aurretik egin duen bezala. Azken Labi izango ote den ere galdetu zitzaion Urkulluri. «Ezin dut aurreratu. Kontseilu zientifiko-teknikoaren ebazpenaren zain nago», esan zuen.

Labik erabakia hartu zain, egungo neurriek jarraituko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ostalaritzan eta merkataritzan %75ekoa da gehienezko edukiera, eta kirol zein kultur ikuskizunen kasuan, %60koa kanpoan, eta %40koa barruan. Nafarroak, berriz, bihar kenduko ditu edukieren mugak. Haatik, maskara jartzea derrigorrezkoa izango da barrualdeetan. Kirol ikuskizunen kasuan ere, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak ohartarazi zuen maskara une oro eraman behar dela, eta ezingo dela jan edo edan.

Nafarroako Gobernuak asteon neurri gehienak malgutu baditu ere, hezkuntzan ez da aldaketarik izango. Maria Txibite lehendakariak «lasaitasuna» eskatu zuen atzo. «Hau ez da lasterketa bat. Kontua ez da lehenak iristea. Lehengo bidetik jarraitu behar dugu, gure datuak eta gure egoera epidemiologikoa aztertuz». Ikastetxeei begira, Txibitek azaldu zuen haurren txertaketaren emaitzari erreparatu behar zaiola: «Hilabete batzuk barru gehiago jakingo dugu». Azaroan beste lurralde kontseilu bat egongo da, eta hezkuntzan neurriak malgutzeari buruzko irizpideak ezar ditzake, Txibiteren arabera.

35 hildako Hegoaldean

Egoera epidemiologikoa egonkortzen ari da, datuek erakusten dutenez. Herenegun, 112 kasu positibo detektatu zituzten Hego Euskal Herrian, egindako 9.231 probetatik. Hala, positibo tasa %1,2koa da. Lurraldez lurraldeko egoerari begiratuz gero, Bizkaian atzeman dute positibo gehien, 43 izan baitira. Gipuzkoan 32 atzeman dituzte; Nafarroan, 23; eta Araban, hamahiru.

Heriotzei dagokienez, koronabirusarekin 35 lagun hil ziren Hego Euskal Herrian irailaren 20tik 26rako epean, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako informazioen arabera. Aurreko zazpi egunetan, 37 izan ziren hildakoak. Bestalde, 26 herritar sartu ziren Osasunbideko eta Osakidetzako osasun zentroetan atzo gaitzak jota. Orain, guztira, 168 lagun daude ospitaleratuta, horietako 49 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Gaurtik aitzina, nerabeek ere osasun ziurtagiria erabili beharko dute Ipar Euskal Herrian. Hainbat toki publikotara sartzeko dagoeneko derrigorrezkoa da helduentzat txertoaren pauta osoaren agiriaren froga, sendatze froga, edo proba negatibo bat erakustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.