Auzapeza Beskoitzeko ikastola trabatzen ari dela salatu dute

Auzapezak atzera bota ditu gurasoek egindako lau proposamenak. Ikastola egokitu nahi dute, «haurrei baldintza duinak emateko»

Beskoitzeko ikastolako eraikin prefabrikatuak. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
«Aspaldiko partez, euskararen eta ikastolaren kontra agertzen den auzapez bat dugu, ikastola bere herritik kanporatu nahi duena», gogor mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria. Agerraldia egin dute Beskoitzeko ikastolan (Lapurdi), azken urteetan herriko etxearekin duten gatazka esplikatzeko: ikastola eraikin prefabrikatuz osatua da, txiki gelditu da, eta egokitu eta handitu nahiko lukete, «haurrei bizi baldintza duinak emateko», baina gurasoek aurkeztu dituzten lau egokitzapen proiektuak baztertu ditu herriko etxeak. «Baldintzak ematen dizkigute, errespetatzen ditugu, eta baldintzak aldatzen dituzte», gaitzetsi du Jorajuriak. «Soluziorik ez denez», gurasoek «borondate oneko orori» dei egin diete, ikasturte sartzerako eta epe ertainerako proposamenak egin eta laguntza eskaintzeko.

Beskoitzeko ikastola 2013an sortu zen, prefetaren debeku mehatxuen pean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz, garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu orain. Hiru eraikin prefabrikatutan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremu batean. Aire hartzeetarako, mundrunaz egin eremu ttipi bat dute, 30 metro koadroko aterpexka batekin. Gurasoek salatu dute ikastola «muturreko larrialdi eta prekaritate» egoeran dela. 2020ko hauteskundeen ondotik, Fabienne Aiensa auzapezarekin harremanetan jarri ziren, laguntza eske, baina bi urteren ondotik, haustura erabatekoa da. Gurasoek lau eraikuntza proiektu egin dituzte, herriko etxeak emandako baldintzak errespetatuz, baina laurak ukatu dituzte.

Euskara zerbitzua

Gaur egun duen eremua atxikitzeko eskatzen diote Beskoitzeko ikastolari, ondoan dagoen aparkalekuari lekurik kendu gabe. Gurasoek aurkeztutako lau proiektuetatik bik ez dute aparkalekua ukitzen; beste bietan, zutoin gaineko egitura bat proposatzen dute, aparkatzeko tokiak murriztu gabe. Ezezko erantzuna jaso dute. Ikastola parean den herriko gela bat erabiltzeko baimena ere eskatu zuten, baina, eskatutako ordutegietan libre izanik ere, ezetz erran zieten gurasoei.

Frantziako legediak baimentzen duen alokairu kontratu bat proposatu dio Seaskak herriko etxeari. Eraikuntzaren kostu guzia ikastolen elkarteak hartuko luke bere gain, lur eremuaren alokairua ordainduz. Hogei urteren buruan, egoitza herriko etxearena bilakatuko litzateke. Baina Aiensak uko egin dio horri. Gehiago dena: obren denboran eraikin prefabrikatuak ezartzeko lur pribatu bat aurkitua zuten gurasoek, baina auzapezak oztopoak ezarri dizkio horri ere, etaerran du Beskoitzeko hirigintza planaren arabera debekatua dela eremu horretan «karabana isolatuak eta desmunta daitezkeen eraikinak» ezartzea.

Azkenik, ikastolako ikasle kopurua ere mugatu nahi du herriko etxeak: ez ditu nahi 50 ikasle baino gehiago. Ikastolako gurasoei proposatu die soluzioak ondoko herrietan bilatzeko. Jorajuriak ohartarazi du iaz ikastola berria ireki zutela Bardozen (Lapurdi), eta oraingoz ez dutela inguruko herrietan beste proiektu bat abiatzeko asmorik. «50 ikasleko ikastola bat ikastola txikia da». Beste proiektu bat sortzeko sendotasun handiagoa behar dela azpimarratu du. Garai batean herri euskalduna bazen ere, euskarak gibelera egin du Beskoitzen, eta ikastola bat izatea garrantzitsua dela aipatu du Jorajuriak. «Ez da eskualde erraza: euskararen mugan gara».

Mementoko, Fabienne Aiensa Beskoitzeko (Lapurdi) auzapezak ez du adierazpenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.