Irmo gaitzetsi dute kalean azken hilketa matxista

Soraluzeko Udalak (Gipuzkoa) kontzentraziora deitu du gaur 19:00etarako. Udalak herritar guztiei eskatu die elkarretaratzera bertaratzeko

Elkarretaratzea egin zuten atzo Elgoibarren. JON URBE / FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Soraluzeko (Gipuzkoa) andrearen hilketa matxistak atsekabea eragin du, eta hura gaitzesteko kontzentrazioak antolatu dituzte. Elgoibarko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten arratsaldean dozenaka bizilagunek; udalak bat egin zuen harekin. Irmoki salatu zuten gertatua, eta aldarrikatu zuten ez dela izango erantzunik gabeko erasorik. Soraluzeko Udalak, berriz, gaurko deitu du protesta, 19:00etarako, Plaza Berrian. Herritar guztiak deitu ditu kontzentraziora, eta babesa eskaini die biktimaren familiari eta lagunei.

Soraluzeko Udalak gogorki «kondenatu» du andrearen heriotza. Gogoratu du emakumeen aurkako indarkeriaren «parte bat soilik» erakusten dutela hilketa matxistek. Nabarmendu du, gainera, emakumeen kontrako indarkeriak forma aunitz dituela (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa edo sexuala) eta indarkeria hori dela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen «adierazpen larriena». «Tragedia horrek euskal erakundeok eta gizarte osoak berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrez aurre jarri gaitu», erantsi du Udalak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak «onartu ezinezkotzat» jo du Benidormeko hilketa (Herrialde Katalanak). Halakoak «giza eskubideen urraketa handienak» direla azpimarratu du, eta tamalez nahi baino gehiagotan jazotzen direla. Jakinarazi du instituzioko ordezkariek parte hartuko dutela hilketa matxista salatzeko deialdietan.

Espainiako Poliziak herenegun gauean topatu zuen andrearen gorpua, Benidormeko bere etxean, bi labankada eta indarkeria zantzuak zituela. Hildako andrea M.L.L. da, soraluzetarra, eta 68 urte zituen. Emakumearen senarra, 73 urtekoa, trafiko istripu batean hil zen egun berean, eta Espainiako Polizia horren berri ematera joana zen andrearen etxera. Gizona da andrea hil izanaren susmagarri nagusia, eta hil ostean bere buruaz beste egin zuen, ikerketaren arabera.

115 hilketa 2003tik

2003tik indarkeria matxista dela-eta hildako 115. emakumea litzateke Soraluzekoa, eta aurtengo hirugarrena. Aurtengo lehen hilketa matxista Tuteran izan zen (Nafarroa), urtarrilaren 10ean, eta bigarrena, Barakaldon (Bizkaia), apirilaren 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.