Gerra kazetaritza bake garaian

Espainiako egunkari nagusiek azken bost urteotan euskal presoak nola irudikatu dituzten aztertu du Samara Velte kazetariak: bi aldeak polarizatu egiten dituztela dio, bi «izate uniforme» balira bezala aurkeztu, eta gatazkaren alderik bortitzena ahalbidetu duten eskema mentalak iraunarazi.

BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Gaitz larriak dituzten euskal presoen aldeko manifestaziora deitu du biharko Sare taldeak. Gizatasunari lotutako argudioak nabarmendu dituzte, giza eskubideei lotutakoak. Baina, Espainiako egunkari nagusietan, nola tratatzen dira preso horiek? Nola erakusten da, erakusten bada, gatazkaren alde humanoa? Bakegintzarako eta adiskidetzerako baliagarriak al dira haien diskurtsoak? Horixe ikertu du Samara Velte (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) BERRIAko kazetariak, UB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, El Mundo eta El País egunkariak aztergai hartuta: Euskal presoen errepresentazioa prentsa espainiarrean (2011-2016). Argia da ondorioa: gerra kazetaritza edo ikuspegi polarizatzailea erabiltzen dute ia beti, «indarkeria kulturalaren» bidez, gatazkaren espresio bortitzena ahalbidetu duten eskema mentalak iraunarazteko. «Oinarrizko egitura da: gu eta besteak».

Diskurtso Ikasketen masterrerako egin du Veltek lan hori: «Linguista kritikoaren adarra da lantzen denetako bat: botere harremanak nola birproduzitzen diren hizkuntzaren bidez». Bake kazetaritzaren teoria erabili du horretarako: «Gatazkak gizartean daude, eta batzuetan espresio biolento hori dute, eta beste batzuetan ez. Bake kazetaritzak esaten duena da gatazka hori transformatu behar dela modu sortzaile batean, espresio ez-biolento bat izateko. Eta horretarako ezinbestekoa da konfrontazio eta polarizazio eskema horiek gainditzea, eta beste aldea ulertzea».

«Garaileak eta garaituak»

Hortik urrun dago Espainiako egunkari nagusien jarduna, Velteren esanetan. Polarizatu egiten dira bi aldeak. «Mekanismoa oso sinplea da: aurkezpen negatiboa, eta aurkezpen positiboa». Talde bakoitza aurkezteko erabiltzen diren hitzetan ikusten da hori, adibidez: alde batean, gobernua, Espainiako gizartea, demokrazia, pertsona errugabeak, autoritate demokratikoak... «Denak dira enpatia sortzen duten hitzak, edo autoritatea erakusten dutenak». Bestea aldean, aldiz, banda terrorista, hiltzaileak, erakundekriminala, etazaleak...

Gu eta besteak, garaileak eta garaituak eskema dago diskurtso horien atzean, kazetariak azaldu duenez: «Bi kolektiboak izate uniformeak dira, interes ezberdinak dituztenak. Ez da inon ikusten, adibidez, ETAren biktimek eta presoek gauza batzuetan bat egin dezaketenik. Edo interes antzekoakizan ditzaketenik. Beti aurkezten da erabat interes kontrakoak dituztela. Logika horren arabera, zuk irabazten baduzu, nik galdu egiten dut. Ez da inon proposatzen egon daitekeela egoera bat biok irabaz dezakeguna».

Eskema horri jarraitzen dioten arrazoiketa nagusi batzuk antzeman ditu Veltek aztertutako testuetan —batik bat, editorialak erabili ditu lagin moduan, arrazoiketa horiek argiago erakusten dituztelako—. Esaterako, presoak beti aurkezten direla egozten zaizkie delituen bidez. Ez da haien istorio pertsonala azaltzen, eta enpatiarako aukerak murrizten dira. «Beste aldea ez baduzu humanizatzen, beti ikusiko duzu munstro baten gisan, eta irakurlearentzat ere zailagoa da eskema mental horiek gainditzea».

Hor, arreta berezia jarri du terrorista hitzean: «'Hau terrorista bat da' esaten baduzu, esaterako, 'honek ekintza terrorista bat egin du' esan beharrean, esaten ari zara pertsona hori ezin dela aldatu. Berezko ezaugarri batera murrizten duzu, ukatzen duzu eduki ditzakeela alderdi ezberdinak. Eta, behar izanez gero, bakearen alde negoziatzeko gai izan daitekeela. Alderdi politikoa, adibidez, ukatzen ari zara. Oso erraz erabiltzen da hitz hori, eta bakegintzaren ikuspegitik, betiko eskema horiek gainditu beharraren ikuspegitik, erabat suntsitzailea da».

Hiru kasu aztertu ditu bereziki Veltek: Iosu Uribetxebarriarena—2015eko urtarrilean hil zen; gaitz larri bat eduki arren ia azkeneraino izan zuten preso—, Arkaitz Bellonena —2014ko otsailean hil zen Puerto de Santamariako kartzelan, Espainian, zigorra betetzear zela— eta Arnaldo Otegirena—martxoan irten zen espetxetik—.

«Uribetxebarriaren kasua adierazgarria da, ikuspegi humanotik muturreko egoera batean zegoelako», esan du kazetariak: «Kartzeleroa deitzen zioten askotan, Ortega Lararekin [Jose Antonio, 1996an eta 1997an ETAk bahituta eduki zuen kartzelazaina] hitz jokoa eginez, eta gainera, bera preso egonda. Horrela, are gehiago banalizatzen da Uribetxeberriaren egoera: momentu hartan preso zegoen, eta gaixo». Presoa egozten zaion delituarekin aurkeztuta, ikusezin egiten da alde humanoa: «Kontzienteki bilatu nituen presoak humanizatzen edo ulertzen lagun zezaketen testu zatiak, eta oso gutxi topatu nituen. Eta, agertzen direnean, beti daramate kontrapisu bat».

Uribetxebarriak osasunerako eskubidea aldarrikatzeko gose grebari ekin zionean, adibidez, «desafio» gisa izendatu zuten hori batzuek: «Testu batzuetan, esaldi berean preso gaixo dena legea gainditu nahi duen norbait bihurtzen da. Oso gauza gogorrak topatu nituen: 'Itxarotea egokitu zaio, ez da lehenengoa izango kartzelan hiltzen dena'».

Eliteak eta periferiak

Ikuspegi humanotik, adierazgarria iruditu zaio Velteri Bellonen kasua ere: «Hemen izan zuen oihartzuna, eztabaidatu zen espetxeko baldintzen inguruan... Begiratu nuen zer atera zuten aztertutako hedabideek, eta izan zen zutabetxo bat bakarrik, agentzietatik egina». Hedabide horiek ez zioten ikusgarritasunik eman preso baten heriotzari: «Egun horretan bertan, ordea, kasualitatez, filtratu zen Urkulluk Espainiako Gobernuari plan bat aurkeztuko ziola presoen inguruko negoziazio baterako. Filtrazio bat zen, baina askoz ikusgarritasun handiagoa eman zitzaion eliteen artean lantzen ari ziren akordio bati, eta ikusezin egin zen gatazkaren alderik humanoena».

Kazetaritza polarizatzailearen ezaugarri bat da hori ere, Velteren hitzetan: «Ez da aztertzen gatazka batek periferietan nola eragiten duen: gizartean zer eragin daukan, zer trauma dauden... Aldaketa kultural horiek guztiak, modu agerikoan politikoak ez direnak, ez ditu kontuan hartzen».

Presoak modu ezkorrean aurkeztea arau bat da, nahiz eta salbuespenen bat ere aurkitu duen Veltek Otegirekin. Oro har, ordea, ez da hala gertatzen. Kartzela zigorrak justifikatzeko moduak argigarriak dira: «Ez dut diskurtso bat bera ere aurkitu esaten duena preso bat ateratzea ona izan daitekeela bizikidetzaren ikuspegitik». Presoek gizartearekin «zor bat» dutela erakusten da, eta hor sartzen dira jokoan barkamena eta damua, esaterako: «Nahiko kontraesanezkoak dira: exijitzen zaie gizarteari barkamena eskatzea, baina ukatzen zaie agente, subjektu positibo izateko aukera». Damuarekin, berdin: «Prozesu pertsonal bat da, alferrik da eskatzea. Zergatik exijitzen dute ezinbesteko baldintza gisa? Gaia ez zentratzeko politikoa izan daitekeen horretan. Ez da ezer gertatzen preso horiek ateratzen badira; arrazionalki, defendagarria da, eta defendatu behar da. Kontua da horri gehitzen badizkiozu argumentu moral horiek, oso emozionalak direnak, dena nahasten dela».

Kazetaritza mota horrek, dena den, ez die euskal presoei bakarrik eragiten. Velte: «ETAren biktimak humanizatzen dira gehien, baina pluraltasunik erakutsi gabe. Gatazka sinplifikatzeko modu bat dira. Hedabideek askotan hartzen dute ahotsa biktimen izenean». Veltek nabarmendu du era askotako biktimek «espazio partekatuak» bilatzeko egindako ahalegina: «Hori ez da ikusarazten. Oso pobrea eta injustua da lanketa mediatikoa biktimen ikuspegitik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.