Noiz sortua: 2018-07-26 00:30:00

Ur likidoa aurkitu dute Marten, izotz geruzen azpian

MARSIS radarrak aurkitu du, planetako hego poloan. Ura 1,5 kilometroko sakoneran dago, 20 kilometro zabal den laku batean
<em>Mars Express</em> zundaren eta Marteren erreprodukzio artistikoa.
Mars Express zundaren eta Marteren erreprodukzio artistikoa. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2018ko uztailak 26
Italiako zientzialari talde batek ur likidoa aurkitu du Marteko hego poloan. Azaldu dutenez, izotz azpian aintzira bat dago, 1,5 kilometroko sakoneran; lakua hogei kilometro zabal da. Europako Espazio Agentziaren Mars Express zundaren barruan doan MARSIS radarrak egin du aurkikuntza, eta bizia egoteko aukerari ateak ireki dizkio, aurkikuntzaren egiazkotasuna dudan jarri den arren.

Ez da Marten ura aurkitu dela esaten den lehen aldia, BERRIAri Edu Zubia astrofisikoak azaldu dionez: «Ura egoera solidoan aurkitu izanaren frogak daude, eta urak eragindako forma geometrikoak ere bai, baina milaka milioi urte dituzte». Oraingoan, ordea, likido forman aurkitu dutela adierazi du Italiako zientzialari taldeak.

Urteetako lanaren ondorio izan da aurkikuntza. Zientzialariek bazuten izotz poloen azpian ura aurkitu zitekeen susmoa. Halere, halako behaketa bat egiten den lehen aldia izan da. Zundak Planum Australe izeneko inguruaren gainetik egin zuen hegan, hego poloan, 2012. eta 2015. urteen artean. Eremuak 200 kilometro inguruko zabalera du, eta zero azpitik 120 gradu zentigraduko tenperaturetara iristen da. MARSIS radarrak irrati seinaleak bidaltzen ditu gainazalera, eta, horiek itzultzean duten indarraren arabera, lur azpiko geruzen osaeraren berri izan dezake. Zubiaren esanetan, radarraren emaitzak ziurtatuko dituen ikerketa independente bat behar da orain.

Radarraren neurketa horiek adierazi dute izotz azpian ura dagoela. Neurketen arabera, kilometro eta erdiko izotz geruzaren azpian, radarrak seinalea aldatzen zuen. Eremu horretatik 29 aldiz igaro ostean, ondorioztatu dute hogei kilometroko zabalera duen laku bat dagoela.

Horretarako, aldaketak egin behar izan zizkioten MARSIS radarrari. Lehen emaitzek 100 oihartzunen batezbestekoa bidaltzen zuten Lurrera, eta horrek seinale indartsuenak ezkutatzen zituen. 2011n, aldiz, makinaren softwarea aldatu zuten, eta datu gordinak bidaltzen hasi zen.

Halere, radarra ez da gai lakuaren sakonera aztertzeko, seinaleak uraren gainazala jo eta buelta egiten baitu. Ikerketako kide Roberto Oroseik, ordea, adierazi du «gutxienez metro bateko sakonera» duela lakuak.

Sakonera zehaztu ezin duten bezala, ez dakite aintzira ur likidoz soilik osatua dagoen, edo urez iragazitako harri porotsuz. «Galdera hori erantzuteko era bakarra bertara joan eta izotza zulatzea da», azaldu du Oroseik.

Ez da zientzialariek radarretan antzeko aldaketak ikusi dituzten lehen aldia. Aurrekoak, ordea, Lurrean izan dira. Groenlandiako eta Antartikako izotz azpiko aintziretan gertatu ohi da. Badira, ordea, alde esanguratsuak bi kasuen artean. Esaterako, munduko lurpeko laku gehienek —ez denek— ur geza dute. Marten aurkitu berri dutenak, berriz, ur gazia du. Hori uretan disolbatuta dauden gatzengatik da, zeinek gainazaleko magnesioak, kaltzioak eta sodioak baitituzte. Marten ugari ageri dira.

Bizitza aurkitzeko erronka

Gazitasun horrek, gainean duen izotz geruzak eragiten duen presioarekin batera, aintzirako ura izozte tenperatura baino txikiagoan egotea ahalbidetzen du, izoztea oztopatzen baitute. Lurrean ere hala gertatzen da. Esaterako, Antartikako Vida lakuan ura zero azpiko hamahiru gradu zentigraduan dago. Marteko lakuan, ordea, tenperatura askoz hotzagoa da, eta zero azpiko 70 gradu zentigradura irits daiteke.

Interes handiena sortu duten kontuetako bat, ordea, lakuan bizia egon daitekeela da. Ikerlarien arabera, posible izan daiteke, lurrean ere badirelako euren metabolismoan gatzak erabiltzen dituzten mikrobioak. Oroseik gaineratu du aurkitu duten habitataren antzeko batean bizi daitezkeenak ere badirela.

Zubiaren arabera, aldiz, lakuan bizia dagoen zehazteko era bakarra zulatzea eta ikustea da. «Hori jada zaila da Antartikan; pentsa Marten». Gaineratu du gazitasuna izan daitekeela gakoetako bat, zaila baita gatz askoko laku batean bizia aurkitzea. Halere, Lurrean sekula ikusi ez den organismo bat aurkitzekotan, zientzialariak ez daki hari «antzemateko» gai izango ote diren.

Albertako Unibertsitateko ikertzaile Anja Rutishauserren esanetan, Lurrean aurkitutako lur azpiko lakuek erakusten dute «muturreko baldintzetan» ere bizia egon daitekeela. Halere, Marteko lakuko tenperaturak askoz hotzagoak direla adierazi du, eta uraren konposizio kimikoa ere ezberdina dela.

Mars Express zundak Marteko hego poloaren %10 bakarrik arakatu du. Beraz, halako laku gehiago egon daitezke, ikerketaren arduradunen arabera. Eremu guztia aztertzeko, ordea, hamabost bat urte beharko direla kalkulatu dute, eta operazioa amaitzeko lau edo bost besterik ez da falta. «Bateriak oso gastatuta daude, eta erregai gutxi geratzen da», adierazi du Oroseik.

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Gizon bat, Zagreben. ©ANTONIO BAT / EFE

Sakelakoen kokapena jasoko du Madrilek

Berria

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren inguruko mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta, gaineratu duenez, ikerketak ez ditu “gizabanakoen mugimenduak atzemango”, baizik datu “anonimoak eta multzoka”.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. ©/ Irekia

Oposizioak «gardentasun falta» egotzi dio Urkulluri

Irati Urdalleta Lete

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Argudiatu du «osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean jasotako informazioan oinarrituta» jokatu dutela.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuk «kolapsoan» daudela. ELAk, berriz, materiala bermatzeko eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna