Elkarrekin Podemosek 15 neurri «negoziagarri» eskaini dizkio Urkulluri

Koalizioak kontuak babesteko jarririko baldintzak dira, besteak beste, enplegu plan bat lantzea, Naval erreskatatzea eta hezkuntza publikoa diruz indartzea. Lander Martinezek ez du «beherapenik» onartuko
Lander Martinez, Eusko Legebiltzarreko batzorde batean, otsailean.
Lander Martinez, Eusko Legebiltzarreko batzorde batean, otsailean. J. RUIZ / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko urriak 10
Hamabost neurri «eztabaidagarri eta negoziagarri». Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuak negoziatzeko, Elkarrekin Podemosek hamabost neurri jasotzen dituen dokumentu bat helarazi dio Jaurlaritzari, eta puntuz puntu aurkeztu zituen atzo Lander Martinez koalizioko bozeramaileak. Elkarrekin Podemos prest dago aurrekontuez eta proposatutako neurriez eztabaidatzeko, baina Martinezek oharra egin zion Iñigo Urkulluren gobernuari: neurriak «egokitzeaz» hitz egin dezakete, baina koalizioa ez da sartuko «beherapenetan edo trukeetan».

Hamabost neurri horien artean daude Naval ontziola erreskatatzea, 150 milioi euroko enplegu «makroplan» bat taxutzea, goi karguak eta «premiarik gabeko gastuak» %15 murriztea, diru sarrerak bermatzeko errenta moldatzeko proiektua erretiratzea eta alokairuko etxebizitzaren salneurrien hazkundearen aurkako plan bat lantzea. Gainera, koalizioaren asmoa da Jaurlaritzak indarkeria matxisten aurkako lege proiektu bat aurkeztea, sozietateen zergan enpresa handiei ezarritako murrizketa fiskalak ezabatzea eta euskara doan ikasi ahal izatea EGA mailaraino.

Beste neurri batzuen artean daude lan ikuskaritza 40 lanpostu berrirekin indartzea, hezkuntza publikorako diru saila 30 milioi euro handitzea, eta plan bat prestatzea arrazoi ekonomikoengatik Euskal Herritik joandako herritarrak itzul daitezen.

Martinezek uste du neurriok «gauzatzeko modukoak» direla, eta Jaurlaritzari gogorarazi dio oposizioaren aldeko botoak edo abstentzioak behar dituela kontuak aurrera ateratzeko: «EAJk eta PSE-EEk erakutsi beharko dute negoziatzeko borondatea duten». Halere, Martinezek erantsi du «zalantzak» dituela Jaurlaritzak Elkarrekin Podemosen proposamenez «hitz egin nahiko duen ere», gogoratu baitu Jaurlaritzak PPrekin negoziatu dituela kontuak azken bi urteetan.

Kostu «oso handia»

«Lehen irakurraldian», ordea, Jaurlaritzak uste du Elkarrekin Podemosen dokumentua ez dela «%100ean egokitzen aurrekontu markora», eta koalizioaren proposamenen kostua, 1.500 milioi eurokoa, «oso handia» dela. Jaurlaritzak atzo egin zuen gobernu kontseiluko bilera, eta ondoren irten ziren prentsaren aurrera Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Azaldu zuten gobernuak «lehen kontaktua» egin duela talde politikoekin, «aurrekontuen aukerak esploratu eta beren iritziak ezagutzeko».

Egunotan, harremanak «formalagoak» izaten ari dira, eta Azpiazu EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin batzartu da. Gaur, PPkoekin egingo du bilera. Oposizioko hiru taldeen jarrera balioetsi du Erkorekak, eta agindu «proposamen guztiak» aztertuko dituztela.

Herenegun, EH Bilduk bi legebiltzarkideren abstentzioa eskaini zion Jaurlaritzari, hainbat neurriren truke. Atzo, Erkorekak esan zuen EH Bilduk bere proposamena zehazteko «zain» dagoela hura aztertzeko. Aitzitik, azpimarratu zuen gobernua «jada lanean» ari dela koalizioak aurkeztutako ildoetan : «Nagusiki sozialak diren aurrekontu batzuentzat biraketa sozial bat eskatzeak beharrezkoa du proposamena zehaztea».

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea ere EH Bilduren proposamenaz mintzatu zen, Radio Euskadin. Espero du koalizioak «eskaintza serio bat» egitea eta «gobernabidearekin konpromisoa» adieraztea: «Hori ez da egiten bi abstentzioren bidez».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna