Ez zuen «zerikusirik» izan

De Miguelek dio ez zuela eraginik kontratazioetan, eta Kataiari emandako lan guztiak egin zirela
Alfredo de Miguel eta haren abokatu Gonzalo Susaeta, astelehenean, Arabako Probintzia Auzitegira iristen.
Alfredo de Miguel eta haren abokatu Gonzalo Susaeta, astelehenean, Arabako Probintzia Auzitegira iristen. J. F. / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko urriak 17
Bezperako jarrerari eutsita, Alfredo De Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi, Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohi eta De Miguel auziko akusatu nagusiak ukatu egin zuen atzo ere bere aurkako akusazio oro. Arabako ustezko ustelkeria sare bat ikertzen ari den auzian, akusatuek herenegun ekin zioten deklaratzeari; astelehenean hasi, eta atzo jarraitu zuen De Miguelek, bezperako defentsa estrategiari eutsita: ez zuela «inolako zerikusirik» izan auzian ikertzen ari diren kontratuen adjudikazioan. De Miguelek berretsi zuen inoiz ez duela «komisiorik edo ordainik» onartu edo eskatu kontratu publikoak ematearen truke.

Ertz ugariko auzia izanik, gai dezente jorratu zituzten atzoko galdetegian. Esaterako, auziaren abiapuntua. Ainhoa Alberdi enpresari eta abokatuak azaleratu zuen auzia, 2009an; grabazio batean, salatu zuen De Miguelek 100.000 euroren komisio bat eskatu ziola Miñaoko Parke Teknologikoan obra batzuk egitearen truke. Horren inguruan galdetuta, De Miguelek erantzun zuen ezein administraziori ez ziola eskatu Alberdi «zigortzeko» auzitara jotzeagatik.

Auzian ikertzen ari diren beste elementuetako bat dira Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailak eginiko ordainketa batzuk. Instrukzio aldian, epaileak frogatutzat jo zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik justifikatu gabeko diru ordainak egin zitzaizkiela ustez de Miguelek kontrolatutako Kataia Consulting, Errexal Zerbitzuak, Ortzi Muga, Sidepur eta Zerulur enpresei. «Inolako lehiaketa publikorik egin gabe», hainbat kontratu adjudikatu zizkien Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sozietate horiei, instrukzio epaileak ondorioztatu zuenez. Atal horri buruz galdetuta, De Miguelek atzo azaldu zuen enpresa horiek Jaurlaritzak kontratatutako lan guztiak egin zituztela. Fiskalak, ordea, uste du kontratatutako hainbat lan egin gabe geratu zirela, eta horien balioa 200.000 euro zela.

De Miguelek bere abokatuaren galderei baino ez zien erantzun atzo ere; bi egunak aintzat hartuta, guztira zortzi bat orduz aritu da deklaratzen. Justuki, abokatuaren eta haren defendatuaren arteko sintonia ahotan izan zuen Jaime Tapia epaimahaiburuak; esan zuen aspaldi ez zuela «hain gauza atseginik» ikusten: «Batzuetan, elkarrizketa bat da... Elkarren osagarri dira».

Kultura Saileko kontratuei dagokienez, aitortu zuen 33na mila euroko hiru kontratu adjudikatu zizkiotela, eta hirurak gauzatu zirela; horietako bi, Errexal Zerbitzuak azpikontratatuta. Gazteria Saileko zuzendaria Xabier Sanchez Robles zen orduan, eta De Miguelek aitortu zuen Sanchez Robles ezagutzen zuela, baina bien arteko harremana «profesionala» zela. Sanchez Robles bera auzipetua dago, eta baita haren nagusia zena ere, Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordea 2003tik 2009ra —Sanchez Robles ez kontrolatu izana egotzita dago akusatuta—. De Miguelek ez zuen Larrañaga ezagutzen, ordea, atzo esan zuenez.

De Miguel Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohia izandako garaian, 2007tik 2010era —atxilotu zuten arte—, diputazioak hainbat lan adjudikatu zizkien Errexal eta Ortzi Muga enpresei, 130.000 euroren truke, fiskalaren arabera. Adjudikazio horietan ardurarik izan zuela ukatu zuen De Miguelek, argudiatuta kontratuak ematea aldundiko zuzendariei dagokiela, ez diputatuei. Alde horretatik, erantsi zuen bere azpiko zuzendariei inoiz ez ziela esan nori eman behar zizkieten kontratuak.

Kitapena, «eskudirutan»

Gauza bat aitortu zuen: Gorlizen (Bizkaia) duen etxe bat zaharberritzeko lanak Prudencio Hierro eraikitzaile eta auzipetuak pagatu zizkiola. Fiskalak uste du obra publikoak adjudikatzearen truke pagatu zuela Hierrok erreforma hori, baina De Miguelek zehaztu zuen Hierrok dirua «aurreratu» baino ez ziola egin eta zati handiena itzuli ziola, «eskudirutan»: «Galdetu zidan nor egiten ari zen zaharberritzea, eta ongi zetorkiola faktura bat erregistratzea [...]. Hau guztia ikusita, konturatzen naiz ez nuela hori egin behar; nahastu egin nintzen».

Fiskalak 27 delitu leporatzen dizkio De Migueli, eta ia 55 urteko zigorra eskatzen du harentzat. Guztira, 26 dira akusatuak, eta tartean daude Aitor Telleria ABBko kide ohia, eta Koldo Otxandiano ABBko kide ohi eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa. De Miguelek amaituta, atzoko saioan Telleria hasi zen deklaratzen, eta gaur jarraituko du.

Jaurlaritzako abokatuari erantzunez, Telleriak esan zuen ez zuela harremanik izan Kultura Sailak Kataiari adjudikatutako kontratuekin, haren zereginak beste batzuk zirelako. Zehazki, enpresaren berri ematen aritzen zen, «kontaktu pertsonalen» bidez.

Arabako Probintzia Auzitegitik kanpo, auziaren aurrean Arabako Foru Aldundiak eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak duten jarrera salatu du Eusko Alkartasunak. «Begiak ixtea» egotzi dio Gonzalezi. EAk uste du Arabako Batzar Nagusietan politika orokorraz eginiko eztabaidan Gonzalezek «saihestu» egin zuela «bere alderdia zipriztintzen duen gaia».