Eskumen egutegia osorik betetzea «baikorregia» dela uste du Erkorekak

Jaurlaritzak uste du Madrilen egutegiak «aukera» ematen duela autogobernuan sakontzeko. EH Bilduk Espainiako Gobernuari leporatu dio «mespretxuz» aritzea eskumenen eskualdaketan

jon olano
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Eskualdatzeke dauden eskumenak Jaurlaritzaren esku uzteko egutegia «aukera bat» da autogobernuan sakontzeko, nahiz eta Jaurlaritzak berak ez duen «erabateko bermerik» egutegi hori beteko den ere ziurtatzeko; are, «baikorregia» iruditzen zaio egutegi osoa beteko dela pentsatzea. 1979ko estatutuaren arabera, Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen daude oraindik Madrilen kudeaketapean, eta Pedro Sanchezen gobernuak urtarrilaren 22an bidali zion Iñigo Urkullurenari egutegi bat, hiru multzotan eskumen ia guztien transferentzia negoziatzeko. Elkarrizketa horietan, Jaurlaritzak «errealismoz eta erantzukizunez» jardungo du, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuaren arabera.

Eusko Legebiltzarrean kontrol saioa egin zuten atzo, eta gaiaz galdetu zion Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak Erkorekari. Meritxell Batet Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroak, igorritako egutegian, negoziaziotik kanpo utzi zituen Gizarte Segurantzari lotutako eskumenak, eta horixe izan zen atzo Urruzunoren kritiken muina. Batetik, Madrilen jarrera txarretsi zuen: «alde bakarretik, arbitrariotasunez eta mespretxuz» aritzea egotzi zion. Bestetik, ordea, Urkulluren gobernuari leporatu zion eskumenen egutegia «beste akordio batzuekin» lotzea, «inolako bermerik gabe: «Nor da Eusko Jaurlaritza, besterik gabe, aldebakarreko erabaki hori onartzeko?».

Erkorekak erantzun zuen Madrilek bidalitako agiriak ez dituela jasotzen «ez Jaurlaritzak eta ez Eusko Legebiltzarrak ezarritako lehentasunak», proposamenak ez duela Urkulluren gobernua «ehuneko ehunean asetzen», baina erantsi du Jaurlaritzaren nahia dela «aurrerapausoak» ematea autogobernuaren arloan, «handiagoak edo txikiagoak izan». 2016-2020 eperako gobernu programan, EAJk eta PSE-EEk lehentasunen artean jarri zuten Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa eskuratzea. Gobernu programaren arabera lehentasunez eskualdatu beharreko beste gaia, espetxeen kudeaketa, negoziazioen azken blokerako utzi zuen Sanchezen gobernuak.

Teorian, bi gobernuek urtebeteko epea dute negoziatzeko, 2020ko urtarrilera arteko agenda prestatu baitu PSOEren gobernuak. 84 diputatu izanda eta aurrekontuak aurrera ateratzeko ziurtasunik gabe, ordea, ikusteke dago gobernua bera 2020ra iristeko moduan egongo den.

Espetxeetarako «prest»

Bestalde, espetxe eskumenari buruz galdetu zion Alexia Castelo PSE-EEko legebiltzarkideak Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuari. San Josek azaldu zuen Lan eta Justizia Saila «prest» dagoela eskumen hori kudeatzeko «estatutuak aurreikusten duen baldintzetan». Halaber, galdera baliatu du «egunotan transferentzia horren egokitasuna zalantzan jartzen ari direnak» kritikatzeko: «Euskal herritarren sekulako gehiengo batek ontzat jotzen du eskumen horren eskualdaketa».

Transferentziaren egutegia ezagutu eta gero, PPk gogor egin zuen PSOEren gobernuaren aurka espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko prest egotegatik, legez hari dagokion arren. Atzo, San Josek PPri gogorarazi zion «zigorrak epaileek» jartzen dituztela: «Horiek izango dira kasuan-kasuan erabakiko dutenak zigorra betetzeko erregimenaz. Gure aldetik, epaileen esku utziko ditugu beharrezko tresnak birgizarteratzearen mandatu konstituzionala bete dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.