Koronabirusa

PCRa derrigortu dute Hegoaldetik Iparraldera pasatu ahal izateko

Frantziako Gobernuak uste du konfinamendua «saihestu» daitekeela. Neurri gogorragoak aplikatuko dituzte igandetik aitzina

Jean Castex Frantziako lehen ministroa, agerraldi batean, atzo. BENOIT TESSIER / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Azkenean ez dute konfinamendurik ezarriko Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Atzo gauean mintzatu zen Jean Castex Frantziako lehen ministroa azken egunetako itxaronaldiari amaiera emanez, eta Frantziako Gobernuak hartuko dituen neurri berriak iragarri zituen. Igandetik aitzina saltoki handiak itxiko dituzte, eta Frantziako Estatuko mugetako mugimenduak murriztuko dituzte. PCR proba beharko da Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatu ahal izateko. Castexek adierazi duebatzi dutela oraingoz konfinamendua «saihestu» daitekeela. «Gure betebeharra da dena egitea konfinamendua saihesteko».

Konfinamendu «hertsia», konfinamendu «hibridoa»... Azken asteetan hipotesi anitz zabaldu dituzte Frantziako hedabide nagusietan gobernuko ala hurbileko iturriak aipatuz. Denen ahotan zebilen konfinamendua, zer forma ematea erabakiko zuten jakitea baizik ez zen falta. Asteazkenean mintzatu beharra zen hasieran Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Asteburuan mintzatuko zela iragarri zuen herenegun AFP agentziak, zehaztuz heldu den aste hasieran bozkatuko zituztela neurriak Frantziako Asanblean eta Senatuan. Azkenean, lehen ministroari utzi dio hitza. Neurri gogorragoak iragarri baditu ere, jakinarazi du «oraingoz» ez konfinatzea erabaki dutela.

Atzo arratsaldean bildu zen Frantziako Osasun Defentsa Kontseilua, eta horren ondotik mintzatu zen Castex. Atzo eta herenegun Frantziako Asanbleako eta Senatuko talde parlamentarioekin eta eragile sozialekin kontzertazioan aritu dela jakinarazi zuen. Frantziako osasun egoera «inguruko herrialdeetakoa baino hobea» dela erran zuen, baina, hala ere,«kezkagarria» dela. Emandako datuen arabera, 27.000 pertsona inguru daude erietxeetan, eta 3.000 baino gehiago suspertzean. «Ingalaterrako eta Hegoafrikako aldaerek epidemiaren areagotzearen arriskua dakarte. Konfinamenduaren gaia mahai gainean dugu, baina ezagutzen ditugu zer ondorio astun dituen herritarrentzat», adierazi zuen. Azken asteetan txertatzea azeleratzeko «indarrak» egin dituztela erran du. «Milioi bat eta erdi herritarrek jaso dute txertoa».

Orain arteko egoeran segituko du, beraz, Ipar Euskal Herriak, 18:00etatik 06:00etarako etxeratzeko aginduarekin, baina neurriak gogortuko dituela iragarri du Frantziako lehen ministroak. Igandetik aitzina debekatua izanen dira Frantzia eta Europako Batasunetik kanpoko herrialdeen arteko mugimenduak. Europako Batasuneko herri batetik Frantziara sartu nahi duenak PCR proba bat egin beharko du. Beraz, igandetik aitzina derrigorrezkoa izanen da Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzeko testa egina izatea. Mugaz gaindiko langileentzat izanen da salbuespena; horiek ez dute egin beharko. Horrez gain, Frantziaren meneko itsasoz haraindiko kolonietara ere mugimenduak murriztuko dituzte. Ezinbesteko arrazoiak dituztenek baizik ez dute bidaiatzen ahalko.

Azkenik, Castexek iragarri du elikagairik saltzen ez duten saltoki handiak itxiko dituztela. Langileentzat eta enpresentzat langabezia partziala bermatuko dute, eta telelana lehenetsiko dute. Eragile sozialekin eztabaidatuko dituzte telenaren modalitateak.

Kontrol zorrotzak

Frantziako gobernuburuak erran du ondoko asteetan mobilizatuak izanen direla Frantziako Polizia eta Jendarmeria, «etxeratze agindua, besta klandestinoak eta jatetxeen zabaltze ilegala» zaintzeko. «Zorroztasunez» jokatuko dute neurriak betetzen ez dituztenen kontra. «Dena egin behar dugu neurri hauek errespetatzeko, horiek ahalbidetzen baitute pandemiari aurre egitea», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.