Koronabirusa

Maria Txibitek galdutzat eman ditu aurtengo sanferminak ere

Lehendakariak uste du «arduragabea» dela «esperantza faltsuak» piztea. Maiak ez du amore eman nahi: «Erabakia udalari dagokio»

Iruñeko Udaletxe plaza hutsik, iazko ez-sanferminetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Sanferminik gabe, bigarrenez. Nafarroako Gobernuak behin baino gehiagotan esana du ez dituela iraganeko hanka sartzeak berritu nahi, eta horietako bat izan zela herrietako «ez-jaietan» COVID-19aren aurkako neurriak malgutu izana. Irizpide horri jarraikiz, eta egungo egoera epidemiologikoa aintzat hartuta, Iruñeko sanferminak ospatzea «ezinezkoa» izanen dela esan zuen atzo Maria Txibite lehendakariak: «Asko sentitzen dut berri onik ez ematea, baina sanferminak bezalako nazioarteko bestak ezin izanen ditugu ospatu, Nafarroara milioika lagun etortzen baitira egun horietan».

COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina abian da, eta gobernuaren asmoa da uda hasieran%40-%60 nafarrek jarrita izatea COVID-19aren aurkako txertoa, baina helburu hori beteko balitz ere, festa ez litzateke salbatuko. «Uste dut ezin izanen dela festarik egin, eta arduragabekeria litzateke bete ezineko itxaropena piztea. Uztailera bitarte, gauza asko gerta litezke, baina oso zaila litzateke sanferminak ospatzeko aukerarik izatea». 2021. urtea, «zaila» izanagatik ere, «suspertzen hasteko garaia» izanen dela nabarmendu zuen Txibitek.

Iruñeko alkate Enrique Maiak ez zituen begi onez ikusi lehendakariaren adierazpenak, eta berehala erantzun zion festak bertan behera uzteko ardura «udalarena» dela, eta ez beste inorena: «Hasieran, harritu, eta asko haserretu naiz. Nola da posible lehendakariak berari ez dagokion rol bat beretzat hartzea? Ez baita haren eskumena».

Polemikaren ostean, baina, telefonoz hitz egin zuten bi agintariek, eta afera «argituta» geratu dela esan zuen alkateak. Maiak onartu zuen egoera epidemiologikoa «txarra» dela, eta sanferminak ospatzea «zaila» izanen dela, baina ez zuen amore eman nahi izan: «Datu hauekin oso zaila izanen da sanferminak orain arte egiten genuen bezala ospatzea, baina, zailtasunak zailtasun, ez dugu inolako erabakirik hartu oraindik».

EH Bilduren udal taldeak Maiaren erreakzioa txarretsi zuen atzo, ohar bidez. Alkatea «guztiz galduta» dagoela esan zuen Joseba Asiron zinegotziak: «Argi dago Iruñeko pandemiaren martxaren benetako jarraipena ez duela alkateak egiten, Nafarroako Gobernuak baizik». Pertsonen osasuna «edozer gauzaren gainetik» dagoela gogorarazi zuen koalizioak, baina halako erabakiak «festaren eragile guztiekin partekatzeko» eskatu zien arduradun politikoei.

Inauteririk ez Tolosan

Iruñeko sanferminak ez dira koronabirusaren pandemiak kalte eragindako ekitaldi esanguratsu bakarra: Tolosako (Gipuzkoa) eta Bilboko inauteririk ere ez da izanen aurten. Bilboko Udalak iragan ostiralean eman zuen erabakiaren berri. Tolosakoaren kasuan, urritik jakina zena berretsi zuen atzo. «Osasun Sailak ezarritako neurriak betetzeko eskatu behar diegu tolosarrei. Horiek zorrotz errespetatzea ezinbestekoa da egoera honetatik atera nahi badugu», azaldu zuen Olatz Peon alkateak: «Guztion bizitzak daude jokoan; horregatik, elkar zaintzen eta elkar babesten jarraitu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.