Koronabirusa

Kutsatuen kurba, koska bat gorago

978 kasu atzeman dituzte, apirilaren 29tik izan den positibo kopururik handiena. Nafarroan laukoiztu egin da intzidentzia tasa hil hasieratik

Herritar batzuk Gasteizko kaleetatik paseatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain Uxue Rey Gorraiz
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko kutsatuen kurba maldan gora da;apur bat malkartsuago. Beste behin, Hegoaldeko osasun agintariek argitaratutako datuetan bistakoa da birusaren transmisioa larritu egin dela. Laugarren egunez jarraian, Hego Euskal Herrian atzemandako kasu kopurua 900 kasuren langatik goitikoa izan zen herenegun. Osakidetzak eta Osasunbideak, guztira, 11.259proba egin zituzten COVID-19a detektatzeko, eta horien %8,6k eman zuten positibo: 978k. Apirilaren 29tik aitzina Hego Euskal Herrian izandako daturik makurrena da hori.

Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian detektatu da kasu positibo gehien ostegunean: 314. Nafarroan 275 atzeman dituzte, eta Gipuzkoan, berriz, 265. Halaber, Araban atzemandako positibo kopurua ehun kasuen langatik gertu dago; zehazki, 92 positibo atzeman dituzte bertan. Positiboen ehunekoari dagokionez, Nafarroan %13,2 da tasa hori.Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako testetan, %7,6 izan da portzentajea.

Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatuan ere islatzen da birusa harrotua dela. Gora eta gora ari da aldagai hori, azken astean kutsatzeek izandako goraldia dela eta. Nafarroak du tasarik makurrena: 100.000 biztanleko 408 laguni atzeman diote birusa azken hamalau egunetan. Uztail hasieratik laukoiztu egin da tasa hori lurraldean, hilaren 1ean 95ekoa baitzen. Gipuzkoan, bikoiztu egin da tasa epe berean, eta 315 da gaur egun. Bizkaian, 211 laguni atzeman diote birusa azken hamalau egunetan; duela bederatzi egun, berriz, 122ri. Arabak du orain tasarik apalena, 100.000 biztanleko 175 kasu baititu; 100ekoa zuen tasa hil hasieran.

Kutsatzeei buruzko datuak aski ilunak izanik ere, Hegoaldeko osasun sistemek emandako datuek erakusten dute ospitaleen okupazioak egonkor segitzen duela oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, herenegun 30 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta, horiek aintzat harturik, guztira 121 paziente dira Hego Euskal Herriko zentroetan sartuta. Horietako 38 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri:Osakidetzako ospitaleetako ZIUetan 28 paziente dira,eta Osasunbidekoetan, hamar. Bezperako datuen aldean, gorakada izan da unitate horietan, aurreko egunean 34 baitziren erietxeraturik.

Gazteei deia, berriz ere

Uda sasoiarekin batera, COVID-19aren transmisioa batez ere gazteenen artean hanpatu da, eta oraindik kezka iturri dira Euskal Herritik kanpo egindako bidaietan atzemandako agerraldiak. Duela astebete Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak COVID-19a atzemateko testak egitera deitu zituen joan den ekainaren 25az geroztik Saloun (Herrialde Katalanak) izan diren 17 eta 25 urte bitarteko gazteak, eta, atzo, osasun agintariek gogoratu zuten lehenengo PCR testean negatibo emandakoek beste test bat egin behar dutela. Atzo hasi etaasteartera bitartean ari dira bigarren diagnostiko proba horiek egiten, Iruñeko Foremen eta Tuterako Reina Sofia ospitalean. Salouko agerraldiarekin lotuta, 1.335positibo atzemandituzte orain arte.

Bestalde, birusaren transmisioaren goraldiarekin kezkatuta mintzatu zen atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Euskadi Ikerkuntza sariaren ekitaldian.«Datozen bost egunak garrantzitsuak izango dira birusa geldiarazteko. Denbora behar dugu gazteenak babesteko, eta azken hilabeteotako ahaleginari amaiera emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.