Sei greba eguneko deiari eutsi diote itunpeko sarean

Kristau Eskolako eta IZEA taldeko ikastetxeak daude grebara deituta. Urriaren 9 eta 10ean eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30ean izango dira lanuzteak. Sindikatu guztiek elkarrekin egin dute deia

Sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilboko agerraldian. MONICA DEL VALLE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Udazkenerako sei greba eguneko deialdiarekin hasi dute ikasturtea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko hezkuntzan. Sindikatuek ekainean iragarri zituzten egunak, eta horri eusten diotela berretsi zuten atzo Bilbon egindako agerraldi batean: urriaren 9 eta 10erako eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako deitu dute lanuztera. Kristau Eskolako eta IZEA taldeko ikastetxeak daude grebara deituta; bien artean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko hezkuntzaren %70 osatzen dute, eta, greba deialdiak, denera, 9.000 hezitzaileri eta 120.000 ikasle ingururi eragingo die.

ELAk, Steilasek, CCOOk,LABek eta UGTk sinatu dute lanuzterako deia. Sindikatuak iazko azaroan altxatu ziren Kristau Eskola eta IZEI patronalekin osatutako negoziazio mahaitik, eta ekainean, greba deiaren berri eman zutenean, jada jakinarazi zuten ordutik ez dela elkarrizketarik egon. Berdin jarraitzen dutela salatu zuten atzo, eta patronalaren «immobilismoak» ez diela grebara joatea beste aukerarik utzi.

Itunpeko hezkuntzako langileak greba egitera deitzeaz gainera, ikastetxe barruko borondatezko ekintzetan parte ez hartzeko eskatu diete, halaber, sindikatuek, lan baldintzen gaineko «benetako negoziazio bat» bermatu arte.

Iazko gatazkaren segida

Aurreko ikasturtean ere izan ziren lanuzteak itunpeko eskoletan. Hiru greba egun egin zituzten, eta %65-70 arteko parte hartze «handia» izan zuten, sindikatuen arabera. Edonola ere, mobilizazioek ez zuten sindikatuek esperotako eraginik izan patronalarengan, eta horregatik erabaki dute lanuzteen bidetik segitzea.

Sindikatuen esanetan, patronalak negoziaziorako «inongo asmorik» agertu gabe jarraitzen du, eta «dagokion erantzukizuna» hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, ikastetxe horien finantzaketaren zati bat publikoa dela gogorarazita.

Itunpeko eskolen lan hitzarmena duela ia hamar urtetik ez dutela berritu salatu dute sindikatuek, besteak beste. Digitalizazioaren eta beste berrikuntzen ardura langileen bizkar geratu dela ere adierazi dute, eta horrek lan zama «jasanezina» eragin duela. Erosteko ahalmena berreskuratzea, DBHko irakasleen soldatak berdintzea eta egoera prekarioan daudenen lan baldintzak hobetzea ere galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.