Araudi berrian argi-ilunak ikusi dituzte Iruñeko euskara eragileek

Ontzat jo dute Iruñeko Udalak euskara ikasteko laguntzak ezarri izana. Hutsunea nabaritu dute kontratazioen eta merituen alorretan

Ion Orzaiz -

2018ko azaroak 7
Iruñeko Udalak iragan astean onartu zuen Euskararen Ordenantza berria; atzo, horren gaineko balorazio positiboa egin zuten Iruñeko Euskalgintza taldea osatzen duten erakundeek Kontseilua, AEK, IKA, Sortzen, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta Administrazioan Euskaraz, besteak beste—, baina arauak «hutsuneak» dituela ohartarazita.

«Mahai gainean dagoen aldaketarekin, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko aurrerapausoa eman dela ulertzen dugu», esan zuen atzo NIEko Unai Arellanok, eragile guztien izenean. Zehazki, begi onez ikusi dute «1997ko ordenantzari murriztutakoak bere onera ekarri» izana: «Euskararen aldekoa behar zuen tresna euskararen kontra egiteko baliatu zuen UPNk». Ordenantza, gainera, erabilgarria dela nabarmendu dute: «Esparru juridikoak herritarrari heldulekuak ematen dizkio bere eskubideen defentsan».

Aurrerapausoen artean, euskara ikasteko diru laguntzak azpimarratu ditu Iruñeko Euskalgintzak: «Jasotzen dira, esate baterako, euskara ikasleendako diru laguntzak, idatzietan bi hizkuntzak erabiltzean euskarak ezkerreko edo goiko tokia edukitzea, Euskararen Kontseilua sortzea edota azpikontratazioetan langile elebidunak kontratatzeko exijentzia, zerbitzuak hala eskatzen duenean».

Hala ere, kontratazioen atalean iritzi ezkorragoa du Euskalgintzak: «Ez da aurrerapausorik eman, eta, neurri batean, atzera egin da». Hala, ordenantzak ez du jaso hizkuntza eskakizunak ezartzeko gutxieneko kopururik: «Arau berriak dio udalaren lantalde organikoan zehaztuko dela zer lanpostutan behar den euskaraz jakitea, eta gehitzen du jendearekin duten harremanagatik edo, aurrez aurrekoak izan gabe, herritar euskaldunei arreta emateari lotuta dauden lanpostuei ezarriko zaiela. Ez du zehazten, ordea, zenbati ezarriko zaion hizkuntza eskakizuna».

Merituen atalak ere jaso ditu erakundeon kritikak. «Ordenantzak [administrazioan euskararen erabilera arautzeko] foru dekretuaren menpe uzten du merituen balorazioa, baina, dekretua aplikatuz, oposizio lehiaketetan euskara gehienez %2,1 puntuatu ahal izango da unitate organikoetako lanpostuetan, eta %4,2 herritarrekin zuzeneko erlazioa dutenetan». Hartara, puntu horiek aldatzeko eskatu diote udalari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: