Iruñeko Erorien Monumentuko kripta ixtea zilegi jo du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Sanjurjoren arrastoak kriptara itzultzeko modua eman zuen epaia baliogabetu du. Asironek berretsi du «berme guztiak» bete zirela
Monumentuarekin zer egin ebazteko lehiaketa bat du abian udalak.
Monumentuarekin zer egin ebazteko lehiaketa bat du abian udalak. J. DIGES / EFE

Ion Orzaiz -

2019ko urtarrilak 16
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salak ontzat jo zuen atzo Iruñeko Erorien Monumentuko kripta ixteko erabakia. Iruñeko Udaleko Alkatetzak 2016ko azaroan hartu zuen erabaki hori, eta Emilio Mola, Jose Sanjurjo eta beste zenbait militar kolpisten gorpuzkiak kriptatik ateratzeko agindua eman zuen.

Sanjurjoren eta Aznar Zozaia anaien senideek helegitea aurkeztu zuten erabakiaren kontra, eta iazko uztailean arrazoia eman zien epaile batek: egoera «lehengoratzeko» eskubidea aitortu zion Sanjurjoren familiari, hau da, haren arrastoak berriro monumentuan sartzeko baimena —Melillan daude gaur egun, Espainian—. Iruñeko Udalak errekurtsoa jarri zion ebazpenari, eta, orain, Nafarroako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du aurreko sententzia hura, kripta ixteko eta gorpuzkiak ateratzeko erabakia legearen araberakoa izan zela argudiatuta.

Epaileak azpimarratu du Iruñeko Udalak eskumena duela «lurperatze gune bat ixteko», eta, gainera, adostasunez jardun zela: eraikinaren jabea udala da, eta, kriptaren erabilera Artzapezpikutzari dagokion arren, bi erakundeek hitzartua zuten kriptari hilobi izaera kentzea.

Joseba Asiron Iruñeko alkatea pozik agertu da ebazpenarekin, eta berretsi du prozesua arauei jarraikiz egin zutela: «Berme guztiak bete genituen ikuspegi legal, zientifiko eta pertsonaletik. Auzitegiak konfirmatu du udalak eramandako prozesua guztiz legezkoa izan zela».

49 proposamen

Auzitegiak Iruñeko Udalari arrazoia eman dion egun berean, Asironek eta Hiri Jasangarriko zinegotzi Joxe Abaurreak jakinarazi dute 49 proposamen jaso dituztela Erorien Monumentuaren ingurunearen diseinurako. Ideia lehiaketa bat antolatua du udalak eraikinarekin zer egin erabakitzeko, eta hiru lan ildo nagusi daude mahai gainean: azpiegitura bere horretan uztea —ikur frankistak kenduta—, goitik behera eraldatzea, edo botatzea eta berritik hastea eremua urbanizatzen.

Baldintza bakar bat jarri die udalak proiektuak aurkezten dituztenei: egitasmo guztiek «esanahi berria» eman beharko diote espazioari, «memoria historikoarekin bat etorrita». Parte hartzaileei galdegin die aintzat hartzea, batetik, «eraikinaren eduki sinbolikoa eta memoria demokratikoan duen eragina, beharrezko egiten duena monumentua esanahi berriez hornitzea —eraldatuz edo desagerraraziz—»; eta bestetik, «aukera dagoela hirigunean esku hartzeko eta inguru hori topaleku bihurtzeko».

Hiriko eremu horrek nola izan behar duen zehazteko, 49 arkitektura proiektu aurkeztu dira. Hil honetan, nazioarteko epaimahai batek bost eta zazpi proposamen artean hautatuko ditu, ondoren garatu eta ikusgai paratuko direnak, herritarrek ekarpenak egiteko. Urtarrilaren bukaeran edo otsaileko lehen egunetan aurkeztuko ditu udalak proiektu finalistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna