Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizona aske utzi du epaileak

Ikerketa «gehiegi» luzatu dela argudiatuta askatu dute. Urruntze agindua jarri diote, eta zaintzapean dira Majarenas eta alaba. Gaurko auzi saioan erasotzailea kartzelatzeko eskatuko dute

Sara Majarenas joan den apirilean, aske gelditu ostean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Duela bi urte Sara Majarenas euskal preso ohiaren alaba hiltzen saiatzeagatik atxilo hartutako gizonezkoa aske utzi du epaileak, ikerketa «gehiegi» luzatzen ari dela argudiatuta. BERRIAk jakin ahal izan duenez, «salbuespenezko neurritzat» du epaileak behin-behineko espetxealdia, eta, bi urte igarota, erasotzailea aske uztea deliberatu du epaiketa izan artean. Joan den maiatzean behin-behineko kartzelaldia luzatzea erabaki zuen epaileak, baina joan den ostiraletik kalean da erasotzailea, urruntze aginduarekin. Ordutik, Majarenas eta haren alaba zaintzapean dira. Fiskalak eskatuta, auzi saio bat egitekoak dira gaur, eta, bertan, Majarenasek eta haren abokatuak eskatuko dute erasotzailea berriro ere espetxean sartzeko.

2017ko urtarrilaren 17an erasotzaileak bere burua entregatu zuen haren eta Majarenasen alaba labankadaz hil egin zuela esanez. Ez zuen hil, ordea, eta Valentziako ospitalean artatu ostean osatu zen haurra. Majarenas Picassenteko espetxean(Valentzia, Herrialde Katalanak) preso zegoen orduan, eta salatu du trabak izan zituela alaba ospitalean zegoela hura bisitatu ahal izateko. Zigorraren hiru laurdenak beteta izan arren, ez zuten Majarenas askatu, eta, haurra 3 urte betetzekoa zenez, Alcobendasko (Espainia) harrera pisu batean izan dira biak zigorra osorik bete arte, joan den apirilaren 9ra arte.

Erasoaren egunean bertan sartu zuten erasotzailea Picassenteko espetxean, baina epaileak orain argudiatu du luzatu egin dela ikerketa, auzitegi medikuen txosten baten zain baitaude. Autoan azaltzen du, gainera, behin-behineko espetxealdia «objektiboki beharrezkoa denean» soilik ezarri behar dela. Libre izan arren, kautelazko neurriak jarri dizkiote, eta Picassenteko Guardia Zibilaren egoitzan sinatu beharko du egunero; pasaportea ere kendu diote.

Urruntze agindua ere badu erasotzaileak. Debekatua du Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea, eta haurraren eta Majarenasen lantoki, eskola eta bizilekutik bi kilometro baino gertuago egotea. Horretarako, baina, Majarenasi ere jarri diote eskumuturreko telematikoa, eta zaintzapean dute. Gainera, Ertzaintzari haurraren mugimenduen berri eman behar izan die, haren «segurtasuna bermatzeko». Gainontzeko senideek ez dute zaintzarik.

Fiskalak gaurko deitu du auzi saio batera, eta erasotzaileak deklaratu beharko du. Bertan eskatuko dute Majarenasek eta haren abokatuak erasotzailea berriz ere espetxean sartzeko. Akusazioak argudiatuko du erasotzaileak badituela aurrekariak eta egin duen delitua larria dela. Hain zuzen ere, epaileak autoan dio behin-behineko espetxealdia «berrikusi» behar dela inputatuaren «egoera pertsonalaren, alarma sozialaren eta delituen errepikatze arriskuaren arabera».

Bide luzea egiteko

Hamahiru urtez espetxean izan ondoren, apirilean aske gelditu zen Majarenas, eta ordutik jarraitu du haren eta alabaren aurkako erasoaren inguruko auzibidearekin. Genero indarkerian espezializatutako epaimahai bat ari da kasua aztertzen. Auziak aurrera egin arren, ordea, Majarenasek eta haren abokatuek ez dute oraindik epaiketaren data finkorik. Bien bitartean, «egunerokoa berregiten segitzeko», erasotzailea espetxean egon dadila eskatuko dute gaurko saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.