Nafarroako Parlamentuak onartu du parte hartze demokratikorako legea

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta Ezkerrak babestu dute. Legeak herri galdeketak arautzen ditu, besteak beste
Nafarroako Parlamentuko saio bat.
Nafarroako Parlamentuko saio bat. IÑIGO URIZ / FOKU

Erredakzioa -

2019ko martxoak 15
Laukoa osatzen duten indarren eta PSNren babesarekin, Nafarroako Parlamentuak parte hartze demokratikorako legea onartu zuen atzo. Horren arabera, eta funtsean, legeak hiru bide berri irekitzen ditu parte hartzeko: eztabaida prozesuak, aurrekontu parte hartzaileak eta herri galdeketak.

Legeak jasotzen duenez, foru erakundeek nahiz tokikoek herri galdeketa batera deitu ahalko dute interes publikoko gaien inguruan. Bozketak ez dira lotesleak izango. Lege berriak aurreikusten du herritarrek bozkalekuetan bertan edo bide telematikoz bozkatzeko aukera izatea, eta zehazten du 16 urtetik gorako herritarrek izango dutela parte hartzeko gaitasuna. Bozkatu ahal izateko, herritarrek gutxienez urtebetez egon beharko dute erroldatuta Nafarroan edo galdeketa antolatzen duen udalerrian.

Bestalde, legeak eztabaida prozesuak arautzen ditu, bereziko garrantzia duten politika publikoak erabakitzeko prozeduretarako. Eztabaida horiek argudio eta motibazioen alderaketa publikoa izango direla jasotzen du.

Aurrekontu parte hartzaileei dagokienez, legeak zehazten du kontu publikoen sarrerei, lehentasunei eta zenbait diru sailen helburuei lotutako erabakiak hartzeko prozedurak izango direla. Nafarroako Gobernuaren kasuan, gobernuak herritarren iritzia bilduko du.

Horrez gain, lege berriak aukera ematen die herritarrei udalbatza bateko edozein kideren gaitzespena eskatzeko. Azken puntu horrekin kritiko agertu da UPN —haiek eta PP abstenitu egin ziren bozketan—. Carlos Garcia Adanero parlamentariaren esanetan, «astakeria» hutsa da legeak aukera hori jasotzea. Ziurtatu du neurri horren ondorioz zinegotzi askok ezin izango dutela «askatasunean» egin euren lana.

Laukoa osatzen duten indarrek adierazi dute legea aurrerapausoa dela Nafarroan kultura demokratiko parte hartzailean sakontzeko eta eredu demokratiko irekiago batera hurbiltzeko. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak ere legearen balioa nabarmendu du: «Nafarroako kalitate demokratikoa hobetzea du helburu, eta herritarren eskubideak garatzen ditu gobernuaren erabakietan eta politika publikoetan eragin ahal izateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna