Hondamena, hamalau herritan

Nafarroak hondamendi eremu izendatu du Tafalla ingurua. Azkar aritzeko eskatu dio Espainiari

Hondamena, hamalau herritan.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun

Astelehen arratseko uholde larriei aurre egiteko lanean ari dira Tafalla inguruko herriak. Auzolanean jendetza bildu da egunotan, kalteak jasan dituzten etxebizitzak, lokalak eta kaleak garbitzeko. Erakundeak ere hasi dira neurriak hartzen. Nafarroako Gobernuak ezohiko gobernu kontseilua bildu zuen atzo, eta hondamendi eremutzat izendatu zuen Zidakos ibaiaren ingurua, uholdeek gogorren erasandako eremua. Madrili ere egin dio eskaria gobernuak, izendapena eman eta laguntzak bidera ditzan. Asteak joango dira, eta Tafallako Udalak laguntza eskatu du: kontu korronte bat ireki du, nahi dutenek dirua emateko.

Hamalau herriren eskaria hartu du aintzat Nafarroako Gobernuak hondamendi eremua izendatzeko. Hauek dira: Tafalla, Barasoain, Beire, Erriberri, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Orisoain, Pitillas, Puiu, San Martin Unx eta Zare.



Hondamendi eremu izendatzeko eskumena Nafarroako Gobernuarena da, eta batik bat zergetan du eragina. Zerga batzuk ordaintzetik salbuetsita geratuko dira kaltea jasan zutenak: ez dute kontribuzioa pagatu beharko, eta enpresek, jardun ekonomikoaren zerga ere ez. Udalek kalte-ordainak jasoko dituzte kobratu gabe geratutako zergengatik. Gainera, leku publikoetako kalteak konpontzeko, inbertsio planetan lehentasuna izango dute herri horiek. Gobernuak dekretu bidez garatu behar ditu neurriak orain.

Espainiako Gobernuari dagokio neurri gehiago hartzea. Beste izendapen bat da harena: babes zibileko larrialdi batek larriki erasandako eremua. Horrek atea irekiko du Madrildik diru laguntzak jasotzeko. Urrats hori azkar egiteko eskatu dio Iruñeko gobernuak Espainiari. Asteak joan daitezke, hala ere: ministro kontseiluaren oniritzia behar du pauso horrek.

Tafallan eta inguruko herrietan lanean ari dira: lokatza garbitzen eta lohitutako trasteak botatzen. Langile profesionalak ez ezik, auzolanera bildutako herritarrak ere ari dira. Udala ari da taldeak antolatzen, eta garbiketa produktuak jarri ditu herritarren eskura. Laguntza ekonomikoa ere eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.