«Baten batek lortu du nahi zuen irudia gaurkoarekin»

Eneko Goiak atzo deklaratu zuen Azpeitiko Epaitegian, 'Bidegi auzia' dela eta. Gaiarekiko «inongo zalantzarik» ez du Donostiako alkateak

Eneko Goia Azpeitiko epaitegira sartzen, atzo goizean. JON URBE / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Azpeitia
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Joan den ekainean iragarri zuen Gipuzkoako Probintzia Epaitegiak Eneko Goia (EAJ) lekuko gisa deklaratzera deituko zuela, Bidegi auzia dela eta. Ustezko iruzurraren garaian —2011n— Azpiegitura foru diputatua zen Goia, eta atzo salatu zuen zitaziora joan beharra: «Baten batek lortu du nahi zuen irudia».

Goizean zuen ordua, 09:30ean, Azpeitiko 2. instrukzio epaitegian, eta bi ordu pasatxo igaro zituen barruan. Auzitegitik irtetean egin zizkien adierazpenak komunikabideei.«Lasai» agertu zen Goia: «Testigu gisa eskatu zaizkidan galderak erantzutera etorri naiz, eta kito». Bidegi auziari buruz galdetuta, argi utzi du gaiarekiko ez duela «inongo zalantzarik» eta kontzientzia, berriz, «oso lasai» duela. Dena den, gaur egun Donostiako alkate denaren arabera, «ez da atsegina halako irudiak ematea».

2014an ustezko irregulartasunak jakin zirenetik bost urte igaro dira jada, eta auzia argitzeko oraindik itxaron egin beharko dela dirudi—2022ra arte luzatu zuten epea—. Orduan Bilduk zuzentzen zuen aldundia, eta gainkostuen berri eman zuen AP-1 errepidearen eraikuntzan, baita kasua auzitara eraman ere. Auzian pertsonatuta daude EH Bilduko lau batzarkide ohi: Inko Iriarte, Jon Albizu, Iban Asenjo eta Judit Garcia.

Bi kereila aurkeztu zituen Martin Garitano buru zuen aldundiak. Guztira, ustez, Bidegik 30 milioi euro baino gehiago ordaindu zituen egin ez ziren lan batzuengatik, eta zenbait dokumentu ere faltsutu zituen. AP-1 errepideko lanetako Eskoriatza-Arrasate eta Eskoriatza-Arlaban zatietan izan ziren ustezko irregulartasunak.

Zitazioak

Goiaz gain, Felix Urkola Lazkaoko alkate ohia ere deitu zuen deklaratzera Gipuzkoako Probintzia Epaitegiak, auzitegiaren arabera «kereilaren aztergaiaren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko bilera batean parte hartu zutelako». Zehazki, 2011ko urtarrilaren 24an Gipuzkoako eta Arabako diputazioek osatutako Batzorde Mistoaren bilera batekin lotuta dago Goiaren zitazioa; bera izan zen batzordeko buru.

Auzitegiaren ustez, ordea, ez da beharrezkoa Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren deklarazioa. Herri akusazioaren eskaera atzera botatzeko, hark eman dezakeen informazioa auziko dokumentuetan jasoa duela argudiatu zuen epaitegiak. Bidegiko Administrazio Kontseiluko burua zen Olano 2011n.

Epaitegiek 2015ean ere deitu zuten deklaratzera Goia —Markel Olanorekin batera—, baina orduko hartan ez zuen testigantzarik eman azkenean, epaiketa luzatu egin zen arren.

Urte hartan osatu zen Gipuzkoako Aldundian Bidegiri buruzko ikerketa batzordean adierazi zuen Eneko Goiak bere jarrera jendaurrean. Berretsi egin zuen AP-1 autobidean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela; ezker abertzalearen estrategiatzat jo zituzten salaketak eta ikerketa Markel Olanok eta biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.