Zaballako espetxeak berretsi du Altsasuko bi graduz aldatu dituztela

Altsasuko gurasoek «zuhur» hartu dute albistea, eta «penaz» beste bostengatik

Altsasuko auziko gazteen aldeko manifestazioa, joan den martxoan, Altsasun. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Zaballako espetxeko iturriek atzo goizean baieztatu zutenez, Altsasu auziko bi gazte hirugarren gradura aldatzea onartu dute. Asteartean hartu zuen erabakia, tratamendu batzordearen proposa- men hori aztertu ondoren. Iñaki Abad eta Aratz Urrizola dira bi gazte horiek, eta zigorraren laurden bat bete ondoren aldatuko dituzte graduz. Zaballako espetxeak oraindik ez du osatu gradua aldatzeko plan zehatza, baina, adierazi dutenez, bi gazteak egunero atera ahal izango dira espetxetik lana egiteko edo formatzeko.

Espetxe zigorrik txikienak jaso zituzten auzipetuak dira Abad eta Urrizola. Abadi hiru urte eta erdiko kondena jarri zioten, eta Urrizolari, lau urte eta bi hilabetekoa. Ia bi urte daramate kartzelan; egun Zaballan daude (Araba). Beste bost gazteak zazpi urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak betetzen ari dira.

Antton Ramirez de Aldak espetxean du semea, Adur Ramirez de Alda, eta, BERRIARI adierazi dionez, gazteek ahoz jaso dute jakinarazpena, eta ez dago ezer idatzita. Agian bihar atera ahal izango dira kartzelatik, baina onartu du ez dietela ezer baieztatu. Azaldu du ez dutela informazio gehiagorik: «Ez dakigu nolakoak izango diren baldintzak».

Zuhurtasunez hartu du Ramirez de Aldak bi gazteen gradu aldaketa: «Pozten gara, baina pena ere badugu beste bost gazteek kartzelan jarraitzen dutelako». Oraindik ere injustizia egoera batean daudela azpimarratu du, eta zazpi gazteak aske geratzea nahi dutela nabarmendu.

Gorenaren ebazpena

Espainiako Auzitegi Gorenak urrian ebatzi zuen Altsasuko auzian kartzelan zeuden zazpi gazteek preso jarraitu beharko zutela, espetxe zigor urteak gutxitu zizkien arren. Auzitegi Nazionaleko 1. zigor aretoak lehenik eta apelazio epaitegiak ondoren ebatzitako epaia apaldu zuen Gorenak. Auzitegi Nazionalaren aurreko bi epaietan diskriminazio gisa ezarritako larrigarria kendu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, halaber, Urrizolari eta Iñaki Abadi kendu egin zien lesio delitua. Gorenaren arabera, nekez argudiatu zitekeen Guardia Zibila talde kaltebera bat dela, eta, biktimak guardia zibilak izatea jada jasoa zegoen agintaritzari eraso egitearen delituan.

Aurreko epaietan ezarritako larrigarriak kendu edo arindu arren, zorrotzak izan ziren Gorenak ezarritako zigorrak: Oian Arnanzi bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten; Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari, zortzi urte eta erdikoa; Joan Ander Cobi eta Julen Goikoetxeari, zazpi urte eta erdikoa; Abadi, hiru urte eta erdikoa; eta Urrizolari, lau urte eta bi hilabetekoa. 2016an Altsasuko Koxka tabernan izandako liskarra ez zela tabernako istilu soil bat izan ondorioztatu zuen Gorenak. Ebazpen horren ondoren, sententzia irmoa da. «Itxaroten jarraitzen dugu, espetxeko onurak eskuratzeko borondatearen zain», adierazi du Ramirez de Aldak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.