Jaurlaritzak defendatu egin du Murga ELAren salaketen aurrean

ELAk dio Murga sailburuak hautaketa prozesu bitan parte hartu zuela «modu irregularrean». Jaurlaritzak erantzun du legezkoa izan zela

ELAren ordezkariak, atzoko agerraldian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak «modu irregularrean» parte hartu zuela lanpostuak betetzeko bi hautaketa prozesutan. Osasun Sailak salaketari erantzun dio, esanez hautaketak «indarrean zeuden legearen arabera» egin zirela, eta Osakidetzari eta Osasun sailari «ospea kendu» nahi izatea egotzi dio sindikatuari.

ELAren Osakidetzako arduradun Esther Saavedrak azaldu duenez, gertaerak 2017koak dira, Murga Osasun sailburu izendatu aurretikoak.

2017ko martxoan eta abuztuan bi hautaketa prozesu jarri zituzten abian, zerbitzu eginkizunetan arduradun postu bana betetzeko. Lanpostu bakoitzak sei langile zituen bere ardurapean. Hautagai bakoitzak proiektu proba bat egin behar zuen, eta ebaluazio batzorde batek kalifikatu behar zituen proiektuak.

Hiru lagunek osatzen zuten ebaluazio batzorde horietako bakoitza, eta, Saavedrak azaldu duenez, Murga batzordeburu aritu zen bi-bietan.

Baina ELAk emandako informazioaren arabera, legeak debekatu egiten du konfiantzazko kargudunek horrelako batzordeetan parte hartzea «behar bezalako independentzia eta inpartzialtasuna» ez dutelakoan, eta garai hartan Murgak konfiantzazko kargua zuen, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Osasun Ebaluazioetako zuzendaria zelako.

Bi hautaketa prozesu horietako emaitza «harrigarria» izan zen, ELAren esanetan, karrerako funtzionario bakar batek ere ez zuelako eskuratu eskainitako bi lanpostuetako bat bera ere. Lehenengoan deialdia hutsik gelditu zen, eta kontratazio poltsara jo zuten lanpostua betetzeko. Bigarrenean, departamentu horretakoa ez zen behin-behineko funtzionario bati esleitu zioten lanpostua.

ELAko Gizalan federazioko idazkari nagusi Igor Eizagirrek esan duenez, hau ez da «kasu bakar bat», ezpada «kultura eta praktika batzuen adibide». «Langileak hautatzeko sistema ustel bat dago indarrean, eta sistema horretan Osakidetzako eta Osasun Saileko zuzendaritza beste eragile bat da», azaldu du.

«Behin betiko amaitu behar da sistema hori», esan du Eizagirrek, «eta, horretarako, osasun publikoak dituen arazo larriei heldu behar zaie, eta aldaketa sakonak egin behar dira egungo politiketan».

ELAk uste du fiskaltzari dagokiola ebaztea auzi honetan irregulartasun zantzurik ikusten ote duen, eta «ofizioz» jardun dezakeela. Hala balitz, prest azaldu dira auziaz daukaten dokumentazio guztia haren esku uzteko.

Jaurlaritzak gezurtzat jo du

Eusko Jaurlaritzak oso bestelako bertsioa eman du auziaz, eta esandakoa «berehala zuzentzeko» eskatu dio ELAri, «emandako informazioak gezurrezkoak» direlakoan. Osasun Sailak adierazi duenez, arautegian «langile ebentualei» galarazten zaie ebaluazio batzordeetan parte hartzea, eta hori ez zen Murgaren kasua, hura «kargudun publiko eta hautatu beharreko langileen maila goragoko nagusi» baitzen.

Hortaz, Osasun Sailaren hitzetan, hautaketa prozesuak «legezkoak» izan ziren, «indarrean zegoen arautegiaren arabera» egin zirelako.

Gainera, Osasun Sailak zehaztu du ebaluazio batzordeetako osaketa sindikatuen ordezkariei jakinarazten dietela, «dagokion epean horren inguruko iritzia eman dezaten». Sailak dioenez, orduan sindikatuek ez zuten inolako eragozpenik jarri.

«Politikan eta jarduera sindikalean dena ez da zilegi», erantsi du Osasun Sailak, eta ELAri eskatu dio horrelako jokabideak bertan behera uzteko, haren ustez «Osakidetzari eta Osasun Sailari ospea kentzea» baitute helburu bakar.

Osasun Sailaren arrazoibideak ere izan du ELAren erantzunik. Egindako salaketak berresteaz gain, ELAk esan du ebaluazio batzordeetan parte hartzeko ezintasunak langile ebentualei eragiten diela, «baina, kontrakoa irudi dezakeen arren, langile ebentualak ez dira aldi baterako langileak,konfiantzazkoak baizik» halakoa zen Murga, eta Euskal Funtzio Publikoaren Legea aipatu du horren froga gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.