Arabako Salhaketak salatu du preso bat hil dela Zaballako espetxean

Elkarteak uste du eragotzi zitekeen «tragedia bat» izan dela heriotza, eta hainbat eskari egin ditu

Arabako Salhaketa elkarteak iaz antolatutako elkarretaratze bat, Zaballako espetxeko bost heriotzak salatzeko, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Arabako Salhaketak heriotza baten berri eman du. Salatu du joan den ostiralean, uztailaren 17an, 23 urteko gizonezko arabar bat hilda agertu zela Zaballako espetxean. Lau urte zeramatzan preso, eta bere ziegan aurkitu zuten gorpua. Hala ere, oraindik ez da argitu zergatik hil den. Elkartearen arabera, heriotza honek areagotu egiten du kartzeletan hildako pertsonen «zifra makabroa», eta uste du eragotzi zitekeen «tragedia bat» dela. Are, erantsi du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ez duela heriotzaren berri eman.

Zaballako espetxean aurten izandako bigarren heriotza da. Elkarteak jakinarazi zuen joan den apirilaren 7an Gasteizko Santiago ospitalean preso bat hil zela. Esan zutenez, gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak eta psikikoak. Horregatik, espetxetik irtetekoa zen. Badirudi ospitalera eraman zutela ebakuntza bat egitera, baina istiluren bat izan zuela erizainekin, eta ertzainek esku hartu zutela. Halere, ezin izan zituzten heriotzaren nondik norakoak argitu. Iaz, berriz, bost preso hil ziren Zaballan. Bi kasutan droga gaindosiei egotzi zieten gertatutakoa, eta beste bi kasutan, presoek beren buruaz beste egin zutela esan zuten. Bosgarren kasuaren inguruan ez zen informaziorik eman.

Elkarteak uste du kartzeletako heriotzak «ezkutatu» egiten direla: «Heriotza horiek ezkutatzeko sistematika politikoa salatu nahi dugu, batez ere COVID-19aren epidemiaren ondorioz». Salhaketaren iritziz, ez da inolako informazio publikorik ematen, eta, bitartean, pertsona horien bizitza, batik bat gazteena, «amaitzen» ari da presondegietan. Gainera, gehitu du pertsona horien osasunerako eta bizitzarako eskubidea erakunde horien menpe dagoela. «Zer gertatzen da? Zergatik ezkutatzen dituzte heriotzak? Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk izango balira?».

Espainiako Espetxeetako Zuzendaritzari, Barne Ministerioari eta gobernuari galdegin diete ea nola amaituko den egoera «beldurgarri» hau. Besteak beste, elkarteak jakin nahi du ea zenbat heriotza ezkutatu diren, nortzuk diren hildakoak, zeintzuk izan diren arrazoiak, eta gaixotasun aurreraturen bat dutenak zergatik ez diren espetxetik ateratzen. «Argi esan daiteke gehiegi direla erantzunik gabeko galderak».

Salhaketaren eskariak

Espetxeetan beste inor ez hiltzeko, neurri zehatzak eskatu ditu elkarteak. Batetik, heriotza horiek ikertzeko eskatu dio Espainiako Fiskaltzari: esate baterako, heriotzaren zergatiak eta «erantzukizun politikoak, administratiboak eta penalak» argitzeko. Are gehiago, elkarteko kideek uste dute espetxeetako zuzendaritzek «inpartzialtasunez» eman behar dietela informazioa hildakoen familiei, eta beharrezko laguntzak eman behar dizkietela.

Presoen osasun egoera ere izan dute oinarri: «Legeak aurreikusten duena bete, eta gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko eskatzen dugu, bereziki fase terminalean daudenak, bai eta buruko gaixotasunak dituztenak ere, kasu askotan suizidioa baitakarte».

Beste eredu bat

Pauso bat harago ere jo dute: «Zigor eta espetxe arloko legedia berehala erreformatzeko eskatzen dugu; beharrik gabe luzatzen ditu kondenak, eta mugatu egiten ditu irteteko baimenak, hala nola hirugarren gradua eskuratzeko eta baldintzapean aske geratzeko aukera». Hain zuzen, uste dute presoen heriotza kopuruak gora egin duela zigorrak luzatzearekin bat. Azkenik, presoen kopurua espetxe bakoitzaren neurrira egokitzeko ere eskatu dute, «egungo masifikazioa» amaitzeko: «Nahiz eta ez izan bakarra, heriotza horietan eragina duten arrazoietako bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.