Gizon bat atxilotu dute Donostian, emaztea hiltzen saiatzea egotzita

Erasotzaileak bi labankadaz eraso dio emakumezkoari, eta larri zauritu du. Igandetik aitzina, halako bigarren erasoa izan da Euskal Herrian

Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat Donostian, 2018an. A.C / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Desagertzetik urrun dira indarkeria matxistarekin lotutako kasuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, labanaz eraso zioten atzo 52 urteko emakumezko bati, Donostian. Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak andrearen bikotekidea atxilotu zuten, erasotzailea izatea egotzita, eta emakumea ospitaleratuta dago, larri zauriturik.

Atzo gertatu zen erasoa, 05:00ak aldera, Donostiako Gros auzoko pentsio batean. Segurtasun Sailaren arabera, herritar batek Donostiako Udaltzaingora egindako telefono deiaren bidez izan zuen Poliziak erasoaren berri. Hara iritsitakoan, poliziek gizon bat ikusi zuten emakume bat igogailura arrastaka zeramala, eraikinaren barruko eskailera-buruan. Ertzaintzaren arabera, odoleztatuak ziren biak, eta poliziak ohartu ziren emakumea zauritua zegoela: gutxienez bi labankada zituen lepo aldean. Biktima «larri» eraman zuten Donostiako erietxera, anbulantzian, baina, oraingoz, ez dago hiltzeko arriskuan.

Ertzaintzaren arabera, emakumezkoa artatu eta berehala abiatu zuten gertatutakoa argitzeko ikerketa, eta atxilotu egin zuten andrearen bikotekidea, erasotzailea izatea egotzita: 52 urteko gizonezko bat da; genero indarkeria delitua eta emakumea hiltzen saiatzea leporatu diote. Ertzaintzaren esku gelditu da kasua. Ikerlariek erasoa gertatutako tokia aztertu dute arrasto bila, eta erasotzaileak ustez erabilitako arma atzeman dute: sukaldeko labana bat. Gainera, polizia iturriek azaldu dutenez, emakumeak ez zuen aurrez indarkeria matxistarekin lotutako salaketarik jarri, eta gizonak ez du aurrekaririk.

Indarkeria matxistarekin lotuta, Donostiakoa ez da izan azken egunotan izandako eraso larri bakarra. Izan ere, igandean Poliziak gizonezko bat atxilotu zuen Gasteizen, bikotekide ohiari eraso egiteagatik. 85 urte ditu erasotzaileak, eta hari ere andrea hiltzen saiatzea leporatu zioten, labanaz oldartu baitzitzaion; inguruan ziren zenbait bizilagunek geldiarazi zuten erasoa, baina, hala ere, zauriak eragin zizkion emakumeari.

Gaitzespena bortizkeriari

Donostian gertatutako erasoaren harira, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du gobernuak «irmoki» gaitzesten eta salatzen dituela genero indarkeria kasuak, eta elkartasuna adierazi dio erasoa jasan duen emakumeari. Gainera, Jaurlaritzak adierazpen bat onartu zuen atzo, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren bezperan. Haren bidez, «emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa» azaldu zuen.

Halaber, EAEko Arartekoak ere adierazpenak egin ditu gaurko egunaren harira. Nabarmendu du izurriaren ondorioz ezarritako konfinamenduak eragin nabarmena izan duela indarkeria matxistak mehatxatuta bizi diren emakumeengan; haren ustez, «larriagotu» egin da haien egoera. Hori horrela, adierazi du «neurri sendoagoak eta aurreratuagoak» behar direla bortizkeria horri aurre egiteko, eta horretan lan egin dezatela galdegin die instituzioei.

Gaur, azaroak 25, kalera aterako dira mugimendu feminista eta erakundeak, emakumeen aurkako bortxa gaitzestera. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak datu berriak argitaratu ditu: urtarriletik irailera, 1.034 salaketa jarri dira foru erkidegoan indarkeria matxistarekin lotuta. Gobernuak adierazi du kopurua antzekoa dela iazko datuen aldean (1.041), baina argitu du konfinamenduan apaltzera egin zutela salaketek. Izan ere, etxeko itxialdiak iraun bitartean, %6 salaketa gutxiago jaso zituzten, iaz garai berean izandakoekin konparatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.