LGTBIfobiaren aurkako behatokiak kexu dira babes gutxi dutelako

Gasteizko, Kataluniako eta Galiziako LGTBIfobiaren aurkako behatokiek txosten bat bidali diote Espainiako Arartekoari. Eskatu diote ikertzeko ea nahikoa diren administrazioen diru laguntzak

Iazko ekainaren 28ko protestak, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Maider Galardi
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Baliabide ekonomikoak murriztu dizkietela eta, Gasteizko, Kataluniako eta Coruñako (Galizia) LGTBIfobiaren aurkako behatokiek Espainiako Arartekoari eskatu diote ikerketa bat abiaraz dezala. Administrazio publikoek finantzaketaren parte bat eteteak LGTBIfobiaren biktimei laguntzeko zerbitzuak eskaintzea eragozten duela oroitarazi dute, hala nola lege arreta, arreta juridikoa eta arreta psikosoziala. Horregatik, ikerketa bat egiteko eskatu diote, argudiatutalaguntzak murriztuz mugatu egiten direla biktimentzako arreta zerbitzuak. Atzo erregistratu zuten eskaera.

«Gero eta kezkatuago gaude baliabideak gero eta gehiago mugatzen ari direlako, eta murrizketa horiek oztopoak dakartzatelako gure lanerako», azaldu dute prentsa ohar batean. Ohartarazi dute iturri ekonomikorik gabe, lan egiteko oinarrizko baliabiderik gabe —langileak eta lanerako beharrezko materiala— ezin dutela arreta egokirik eman. Horregatik, Espainiako Arartekoari eskatu diote aurkeztutako kexa onartzeko eta ikertzeko ea aurten duten finantzaketa «neurrikoa eta egokia» den eskaintzen duten zerbitzua emateko.

Kataluniako LGTBIfobiaren aurkako behatokiko presidente Eugeni Rodriguezek bere egin du atzo aurkeztutako kexa: «Ez da onargarria beren lurraldeetan lan ukaezina egiten duten eragileek estatuko administrazioen zentimo bakar bat ere ez jasotzea». Haren ustez, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei arreta espezifikoa eta espezializatua eman behar zaie, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du behatokiok baliabide ekonomiko «duinez» hornitzea. Coruñako behatokiko arduradun Carlos Emiliok ere administrazioei eskatu die «jabetzeko» zer lan egiten duten eragileok.

Gasteizen ika-mika

«Onartezina da gorroto delituen eta diskurtsoen goranzko egoera batean, bizi dugun osasun krisi larrian, LGTBIfobiari aurre egin beharreko baliabideak murriztuz joatea», deitoratu du Amets Martinez de Hereditak, Lumagorriko presidente eta Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko behatokiaren kudeatzaileak. «Erakundeek behatokietan egiten ari garen lana aitortu eta babestu behar dute», azpimarratu du.

Lumagorrik salatu izan du Gasteizko Udaleko aurrekontuetan diru sorta txikiagoa jaso dutela berdintasunaren eta sexu aniztasunaren aldeko eta LGTBIfobiaren aurkako egitasmoek. Zehazki, behatokiarekin udalak zuen hitzarmena 70.000 eurotik 30.000 eurora jaitsi da, eta berariaz jasotzen zituen 20.000 euroak ere ez dituzte sartu kontuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.