17 eta 16 urteko espetxe zigorrak Orkoiengo talde bortxaketako hiru auzipeturi

Hamazazpi eta hamasei urteko kartzela zigorra ezarri diete hiru auzipeturi; beste biak absolbitu egin dituzte. 2019an egin zuten talde bortxaketa

Orkoienen elkarretaratze jendetsua egin zuten sexu erasoa gaitzesteko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroako Probintzia Auzitegiak zigortu egin ditu Orkoiengo talde bortxaketagatik auzipetutako bost gizonetatik hiru. Biri hamazazpina urteko kartzela zigorra ezarri die, eta hirugarrenari, hamasei urtekoa; beste biak errugabetu egin ditu. Ekaina amaieran izan zen epaiketa: 2019ko azaroaren 29an 23 urteko emakume bat taldean bortxatzea leporatu zieten bost akusatuei; biktimak %67ko elbarritasun psikikoa du. 54na urteko zigorra eskatu zuen fiskalak.

Emakumeak hitzordua zuen haietako batekin, baina bostak agertu ziren. Geratua zegoen gizonarekin sexu harremanak izan zituen, eta, gero, beste bik bortxatu zuten. Hiru horiek dira kondenatuak: lehendabizikoa, beste bien bortxaketen konplize izateagatik —zortzi urte delitu bakoitzeko—; eta beste biak, emakumea bortxatzeagatik —bederatzi urte— eta beste bortxaketen konplize izateagatik —zortzi urte—. Beste bi akusatuak errugabetzat jo ditu: haietako batek autoan itxaron zuen, eta besteari dagokionez, auzitegiak ez du frogatutzat jo talde bortxaketan parte hartu zuenik.

Fiskaltzak eskatua zuen baino hiru aldiz txikiagoa da ezarritako kondena. Izan ere, fiskalak 54 urteko kartzela zigorra galdegin zuen gizonetako laurentzat —hamabost urte bortxaketagatik, eta hamahiru urte ahalbidetu zuten bortxaketa bakoitzeko—, eta 52 urtekoa autoan itxaron zuenarentzat —hura ere «laguntzaile» izan zelakoan, hamahiru urte ahalbidetu zuen eraso bakoitzeko—.

Halaber, biktimari 100.000 euro ordaindu beharko diote hiru kondenatuek. Gainera, ezin izango dira harengana gerturatu hainbat urtez.

Auzitegiaren arabera, ez da frogatu akusatuek emakumearen elbarritasun psikikoaren berri zutenik, nahiz eta %67koa den. Beraz, ez dute larrigarri gisa onartu. Hala ere, onartu du bost gizonek larderiaz jokatu zutela.

Bestalde, Errenterian (Gipuzkoa) gizon bati hamalau hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote 18 urteko emakume bati sexu abusuak egiteagatik. Epaiketa baino lehen, beste gizon batek onartu zuen neska bera bortxatu zuela, eta hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten. Bi gizonetako baten etxean gertatu ziren erasoak. Emakumea edanda zegoen, eta lo geratu zen. Erasoa aitortu zuen gizonak une hori baliatu zuen neska bortxatzeko; gero, lapurtu egin zion. Ondoren, beste gizonak ukituak egin zizkion emakumeari, lo zegoela.

Nebak bahitua Bilbon

Bilbon 49 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, asteazkenean bere arreba bahitzea leporatuta. Ertzaintzak azaldu duenez, gizonak emakumea lotu eta autoan sartu zuen; andreak, ordea, ihes egitea lortu zuen, nebaren autotik martxan salto eginda. Gizonak aurrekariak ditu, eta arrebarengandiko urruntze agindua zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.