Euskal presoak

Presoei jarritako «oztopoen» berri eman dio Foro Sozialak Hualderi

Foro Soziala Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin batzartu da, «gizarteratze bideetan» ezarritako «blokeoaz» ohartarazteko

Juanje Soria eta Teresa Toda, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Juanje Soria eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu ziren atzo, Espainiako Auzitegi Nazionala presoak gizarteratzeko ibilbideetan jartzen ari den oztopoei buruzko txosten monografiko bat emateko, bereziki fiskaltzan izaten dituzten traben ingurukoa. Bileran, Nafarroako presoen gizarteratze prozesuak blokea ditzaketen oztopoen berri eman zioten Foro Sozialeko ordezkariek Hualderi. Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean ere eskatu du agerraldia foroak, eta Nafarroako Arartekoarekin bilera bat eskatzea aurreikusi du.

Soriak adierazi duenez, Nafarroan 30 herritar daude preso motibazio politikoko delituengatik: «Horietako 25 bigarren graduan sailkatuta daude, bi 100.2 artikuluarekin, eta bat hirugarren graduan». Zortzik, gainera, zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte. Soriaren arabera, «presoak berriz integratzeko ibilbide bat zehazteko auzia, dagozkien gradu eta baimenen bilakaerarekin, espetxe politikaren aldaketan sakontzeko funtsezko gai bihurtu da».

Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko Behatokiko kideak adierazi duenez, espetxe zaintzako Epaitegi Zentralean, Zigor Arloko Salako Lehen Atalean eta fiskaltzan izan dituzte oztopoak: «Espetxe legeria arruntaren arabera, dagoeneko eska ditzakete eta izan ditzakete baimenak, hirugarren gradurainoko aurrerapenak, baldintzapeko askapenak eta abar, baina beren ibilbideetan ustekabeko oztopoekin egiten dute topo, bai Tratamendu Batzarretan, bai espetxe arloan erabakigarriak diren Auzitegi Nazionaleko esparruetan».

Txostena osatzen duten auto judizialetan «jarrera inboluzionistak» agertzen direla azaldu du Todak, eta «duela bi urte baino gutxiago arazorik sortzen ez zuten gai batzuetan atzera egiteko jarrerak» antzematen dituztela. Era berean, gaineratu du kasu batzuetan «agerikoa» dela «zuzenbidearen aurkakoak diren arau juridikoen interpretazio jakin batzuetan oinarritzen direla».

«Arrisku argia»

Foro Sozial Iraunkorreko kideak esker oneko mintzatu dira Hualderekin, harrera egiteagatik. Zehaztu dutenez, dokumentuan elementu horiek jaso izanak ez du esan nahi «instantzia horietan behin betiko ezarrita dauden egoerak edo jarrerak direnik», baina,ziurtzat jo dute «blokeo arrisku argia» dakartela «arinak izan beharko luketen prozesuetan, bat baitatoz espetxeetako legediak eta erregelamenduak ezarritako parametroekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.