EH Bilduko alkateak ingurumen lege berriaren aurka agertu dira

EAJri eta PSE-EEri leporatu diete «demokraziaren kontrako erasoa» dela onartu duten zuzenketa

Agerraldirako batu ziren zazpi alkateak, atzo goizean Donostian egindako agerraldian. EH BILDU.
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
«Tokiko demokrazia murriztea» ekarriko du Ingurumen Administrazio Legeari EAJk egindako zuzenketak, EH Bilduko alkateek adierazi dutenez. Zuzenketak sortutako polemika dela eta,agerraldia egin zutenatzo Donostian Hernani, Usurbil, Orexa (Gipuzkoa), Otxandio, Ea, Larrabetzu (Bizkaia) etaDonemiliagako (Araba)alkateek, eta, azaldu zutenez, zuzenketa hori gelditzen saiatuko dira. Izan ere, salatu dute Ingurumen Administrazio Legean EAJ eta PSE-EEk egin nahi duten aldaketak, ezinbestean, Lurralde Antolamenduko Legea ere aldatzen duela, eta aldaketa horrek udalen autonomiari nola eragingo liokeen aztertzeko txosten bat eskatuko dute Eudeleko zuzendaritzan, ostegun honetan; hain zuzen, egun horretan dira Eusko Legebiltzarrean zuzenketa onartzekoak.

Duela hilabete batzuetatik dator polemika; EAJk zuzenketa bat aurkeztu zion Ingurumen Administrazioaren Legeari, PSE-EEren babesarekin. Zuzenketa horretan, alderdiak figura berri bat sortzea proposatzen du: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat «interes orokorrekoa» dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. «Udalen plangintza urbanistikoa edozein delarik ere, horien gainetik bere proiektuak inposatzeko asmoz» egindako aldaketa dela salatu dute alkateek.

Esan dutenez, horrek atea zabaltzen dioEusko Jaurlaritzari udalen eskumenen gainetik jarduteko: «Aldebakarreko moduan, erakunde eskudun eta legitimoek hartutako erabakiak baliogabetzeko edo deuseztatzeko ahalmena izango du».

Atzokoagerraldian azaldu zutenez, zuzenketa horrek kalte egiten dio udalen hirigintza eskumenari, baita tokiko demokraziari ere: «Udalerrian herritarren parte-hartzearen bidez erabakitakoa baliogabetzen du». Gainera, salatu dute legearen aldaketa «presaz» burutu nahi dutela, eta udalek ez dutela zeresanik edukiko erabakian: «Udalen eskumenak ezbaian jarriko badira ere, udalei ez zaigu hitzik eman. Ez dute gardentasunez jardun: gure sistema instituzional konplexuaren eskumen banaketa aldatu nahi dutelako, toki erakundeei galdetu ere egin gabe».

Azaldu dutenez, irailean ere egin zuten zuzenketa gelditzeko ahalegina. Beste txosten bat eskatu zuten Eudeleko zuzendaritzan orduan ere, aldaketak izango zuen eragina aztertzeko. Etzi eskatuko dute bigarren txostena, eta hamabost eguneko epea emango diote oraingoan Eudeli. Hala ere, adierazi dutenez, gainerako alderdietako alkateek «utzikeriaz» jokatu dute lege aldaketaren aurrean: «Eudelen mahaigaineratu dugu beharrezkoa dela legearen aldaketa gauzatu baino lehen Eusko Jaurlaritzak interlokuziorako bidea zabaltzea, baina ez dugu ikusi beste alderdietako ordezkariak diren alkateen gutxieneko interesik ere».

Agerraldian, EAJ eta PSE-EE alderdiei eskatu diete zuzenketa «bertan behera» uzteko: «Legebiltzarrean egin nahi den ariketa autoritarioa bertan behera utzi eta Lurralde Antolamenduaren Legean aldaketak ez onartzea eskatzen diegu».

Udalen funtzioa

Zazpi alkateek irmoki aldarrikatu dutenez, udalek Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek baino ahalmen txikiagoa duten arren, horrek ezditu «herriaren aurrean txikiago» egiten: «Udaletatik gauzatzen ditugun ekimen eta proiektuekin gainontzeko erakundeek bezainbeste, eta batzuetan baita gehiago ere hobetzen dugu gure herrietako biztanleen bizitza». Azaldu dute herritarren bizitza «hobetu eta babesteko»etengabe lanean ari direla, eta, horrek horrela jarraitzeko, ezinbestekotzat jo dute udalak «ez zapaltzea» eta beraien «nortasuna eta ahalmena errespetatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.