Okupazioa eten dute Ostiakoek, etxebizitzaren afera salatuta

Alday promotorearen bulegoen aitzinean egin dute elkarretaratzea, okupazioaren burutzeko. Oliverekin asteartean elkartu ziren

Ostiakoek Alday promotorearen bulegoen aitzinean egin zuten elkarretaratzea, atzo arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ostiako militanteentzat, «helburuak bete dira». Galdera nagusia ondokoa zuten: «Norentzat eraiki, zer beharrei erantzuteko?». Ostiakoen ustez, galdera hori plaza publikora ekartzea lortu dute, eta arduradunei helaraztea ere bai. Erraterako, kontsideratu dute «eraikitzeko baimena ematen duten auzapezak eta etekina baizik bilatzen duten promotoreak» hunkitzea lortu dutela. Ostia kolektiboak atzo arratsaldean utzi zuen joan den ostiraletik okupatzen zuen eremua, Angelun, Lapurdin. Alday promotorearen bulegoen aitzinera joan ziren elkarretaratzearen egitera. Kolektiboa 2021eko ekainean sortu zen, Arbonako okupazioaren harira; ber gaiak aldarrikatzen dituzten elkarteez osatua da.

Okupazioko militante Mikel Etxalarren arabera (egiazko izena ez du eman nahi izan), «biziki kontent» dira «jende anitz hurbildu» delako okupaziora, eta «mota guztietako jendeekin mintzatu» ahal izan direlako. Azaldu duenez, ohartu dira «etxebizitza zinez jende anitz hunkitzen dituen arazo larri bat» dela, eta «angeluar (Lapurdi) bat baino gehiago etorri» zaizkie haien esperientzia kontatzera.

Gerora begira, Les Hauts de la Chambre d'Amour luxuzko etxe multzoaren okupazioa haien lehena dela zehaztu du Etxalarrek, «ekintza bat gehiago dauden beste hainbaten artean». «Okupazio iraunkorraren bultzatzeko gogoa dugu. [...] Geroan beste batzuk egitea espero dugu, betiere gero eta handiagoak, gero eta hobeki antolatuak», gehitu du.

Udaletxearekin eztabaida

Asteartean, Ostiakoek elkarretaratze bat antolatu zuten Angeluko herriko etxearen aitzinean. Biharamun goizean, Angeluko auzapez Claude Olivek prentsaurreko bat eman zuen, okupazioa bera eta Ostiako militanteek eramandako ekintzak salatuz. Lehenik, «militanteen egiteko manera» aipatu zuen, nahiz eta «arazoa ulertzen» duen. Haren ustez, «ezin liteke elkarrizketa konstruktibo bat eraman lehen solasaldi bat sustatzen ez bada ekintzara iragan aitzin».

Estatistiken aldetik, Olivek oroitarazi zuen Angeluko etxebizitzen %78 lehen mailako etxebizitzak direla, eta argiki erakutsi herriko etxearekin eramandako proiektuez harro direla: «Ez dut gorritzerik ene lantaldearekin batera egin dugun lanaz». Bestalde, haren ustez, «ez da Angeluko kasua salatu beharrekoa»: haren arabera, «kostaldeko beste hiriek Angelu bezainbat egingo balute», arazoa ez litzateke halakoa.

Herriko etxeak jokatze leku mugatua duela ere zehaztu zuen, PLU Tokiko Hirigintza Planak inposatzen dizkien neurri batzuengatik, besteak beste. PLUa herriaren araberakoa dela azaldu zuen, eta Angeluko hiriak 2013ko PLU bat erabiltzen duela, sei aldiz egokitua izan dena. Euskal Hirigune Elkargoaren zain dira «eskala handiagoan pentsatutako hirien arteko PLU bat onar dezan, hiri politiken arteko koherentzia beharrari erantzuteko». Anartean, «betebehar anitz Estatuak inposatuak» direla baietsi zuen, garapen jasangarriaren alde eta aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, batez ere. Halako neurrien eraginez «hiri hedapena mugatzea» eskatzen zaiela dio, «hiria bere barruan eraikitzeko», eta «eraikitzeko baimenen garestitzea ondorioztatu duela, etxebizitza gehiago hirian ekoizteko».

Halako galdera ere egin zuen: «Baina nor dira saltzaileak?». Ostiakoentzat, gurpil zoro bat da politikari eta promotoreekin hitz egitea. Etxalarren arabera, «aski kuriosoa da ikustea denek erraten dutela ongi lanean ari direla, eta problema haien konkurrenteena dela». Haren aburuz, «beti elkar akusatzen ari dira, nolazpait aurpegia zuritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.