Bi orduko zaintza, gutxienez

Zazpi eguneko greba antolatu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek. Besteak beste, egoitzetako lantaldeak bikoiztea exijitu dute

Bizkaiko zahar etxeetako langileak, ELA sindikatuak Basaurin (Bizkaia) duen egoitzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Basauri
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hamabost minutu ditu Ainhoa Menendezek psikogeriatria solairuko pertsona bat esnatzeko, dutxatzeko, sikatzeko, hari krema botatzeko, janzteko eta orrazteko. Eta hurrengo pertsonarekin, berdin. Horrela, hamabi pertsona artatu arte. IMQ Igurko Bilbozar egoitzako geriatria laguntzailea da Menendez. «Ez dugu makinekin lan egiten, pertsonekin baizik». Egoera salatu nahian, Bizkaiko zahar etxeetako langileek aste osoko greba egin dute, ELA sindikatuak deituta. Aurretik beste hamalau greba egun egin dituzte.

30 pertsona artatzeko, hiru pertsona daude Menendezen solairuan. Egoera hori ez da salbuespen bat zahar etxeetan. Ana Romanek Arrigorriagako Arandia egoitzan egiten du lan. 180 egoiliar daude bertan. Bere solairuan, 43 pertsona daude, eta lau langile. Gauean, ordea, pertsona bakarra geratzen da zahar etxeko solairu bakoitzean. «Langile horri zerbait gertatzen bazaio, ez da inor ohartuko, bera bakarrik baitago solairuan», salatu du Romanek. Txikiagoak diren egoitzetan, langile bakarra geratzen da gauean egoiliar guztiak zaintzen. Nora Arroyok Basauriko zahar etxe batean egiten du lan. Hamabost egoiliar zaintzeko, bi langile daude goizean, eta beste bi arratsaldean. Gauean, berriz, zahar etxe osorako pertsona bakarra dago: «Beti esaten dugu eskaileretan erortzen baldin bagara eta buruan min hartzen badugu hor geratuko garela hurrengo eguneko lankidea etorri arte».

Hirurak geriatria laguntzaileak dira, eta hirurek egin beharko lituzkete euren hitzarmenak zehazten dituen lanak. Baina kasu batzuetan ez da horrela. Arroyok beste funtzio batzuk ere egiten ditu: «Hamabost pertsona zaintzeaz gain, garbigailuak jartzen ditugu, jantokia batu edota garbiketa egin». Menendezek eta Romanek ez dute horrelakorik egiten, «bere garaian uko» egin baitzioten. «Guk, hasieran, harrikoa egiten genuen, eta armairuak garbitu, baina egoera salatu genuen, eta orain ez dugu horrelakorik egiten», azaldu du Menendezek. «Izan ere, beste hori guztia egin bitartean, ezinezkoa da egoiliarrak zaintzea», Romanek.

Lantaldea bikoiztea

ELAk egindako ikerketa baten arabera, Bizkaian egoiliar batek 60 minutuko zaintza jasotzen du eguneko 24 orduetan. «Ordu horretan ez da bakarrik geriatria laguntzaileen zaintza sartzen, baizik eta langile guztiena, hala nola erizainena», zehaztu du Menendezek. Eta, nabarmendu duenez, kalitatezko zaintza bermatu ahal izateko, egunean gutxienez bi orduz zaindu behar da pertsona bakoitza. Hori da ELAk 2019an ateratako kanpainaren leloa. Eta orain ere kalera atera du: Zaindu nazazu bi orduz gutxienez. Hori bermatzeko, ezinbestekoa da lantaldeak bikoiztea.

Hainbeste pertsona mugitu behar izateak eta arineketan lan egin behar izateak ondorioak ditu langileengan. «Gure egoitzan, guztiak goaz osteopatarenera edo fisioterapeutarenera hilabetean behin», aitortu du Romanek. Eta gehitu du hilabetero izaten duela bizkarreko mina. «Nik ere bai», adierazi du Arroyok. «Gainera, mutualitateak ez digu kasurik egiten; 40 urtetik gorako langileei esaten diete artrosia dutela eta ez dela lanak eragindako zerbait; oso zaila da baja lortzea», zehaztu du Menendezek.

Lantaldeak handitzea, langileak lehenengo egunetik ordeztea eta baldintzak egoitza publikokoekin parekatzea dira haien eskaeretako batzuk. Menendezek ez dauka zalantzarik: «Lortuko dugu. Ez dut ulertzen zergatik ez dagoen mundu guztia kalean; denok izango gara nagusiak noizbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.