Kostaldeko ura gradu erdi bat berotu da joan deneko 30 urtean

Azti-Tecnaliak Pasaian eginiko neurketetan, tenperatura eta ur gazitasuna nola aldatzen ari diren aztertu dute. 60 eta 110 metroko sakoneran hartzen dituzte laginak, bi estaziotan
Aztiko ikerlari bat, ur laginak hartzen, Pasaian; artxiboko irudia.
Aztiko ikerlari bat, ur laginak hartzen, Pasaian; artxiboko irudia. AZTI

Iñaki Petxarroman -

2018ko uztailak 13
Euskal Herrian ere ez dira falta klima aldaketaren frogak. Atzo, Azti-Tecnaliak ikerketa zentroak beste bat eman zuen: euskal itsasertzeko batez besteko ur zutabearen tenperatura ia gradu erdi bat igo da 30 urtean. Neurketak 1986an hasi ziren egiten Aztiko zientzialariak Pasaian (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Zuzendaritzaren erabakiz, eta hilero joan dira osatuz datu serie historikoa, gaur arte. Hain zuzen ere, Pasaiako hori Bizkaiko golkoko ur tenperatura eta gazitasuna neurtzen duen serie historikorik zaharrena dela nabarmendu dute Aztiko ordezkariek.

Azpimarratu dutenez, datuetan agerian geratzen da nola aldatu diren uraren tenperatura eta gazitasuna, gainazaletik hondoraino. Pasaiatik hiru kilometrora dagoen estazio batean eta hamahirura dagoen beste batean egiten dituzte neurketak, 60 eta 110 metroko sakoneran.

Almudena Fontan Aztiko Itsas Ekosistemen Funtzionamenduetako adituak azpimarratu du klima aldaketaren testuinguruan «gero eta garrantzitsuagoa» dela ozeanoak epe luzera monitorizatzeko dauden programak mantentzea. «Monitorizazio programa horiek ozeanoko klimaren aldakortasuna zehatz-mehatz aztertu eta neurtzeko dauden bitarteko bakarrak dira, egiaztatzeko ezohiko aldaketak gertatzen ari ote diren, eta erabakitzeko ea aldaketa horien jatorria naturala den edo gizakiak eragindakoa».

Aztiko adituen arabera, tenperaturaz eta gazitasunaz gain, halako neurketen eta datuen bidez beste aldagai batzuk ere azter daitezke: esate baterako, argi transmisioa, disolbatutako oxigeno edukia eta klorofila kontzentrazioa. «Epe luzeko azterketa horiek oso interesgarriak dira, batez besteko egoerak kalkulatzeko aukera ematen baitute, eta, horietatik abiatuta, bereizketa kualifikatuak eta zehatzak egiteko klima ozeanikoaren batez besteko baldintzen edo baldintza arrunten eta anomaloen artean», azaldu du Fontanek.

Neurketak ur sakonagoetan

Aztiko ikertzaileak nabarmendu du Bizkaiko itsasoan ez direla kokagune askotan egiten halako neurketak errutinaz, ur zutabea azaletik hondoraino hartuta. Horretan ere azpimarratu du bi estazio horien garrantzia, 32 urte daramatzatelako halakoak egiten. Alabaina, neurketak ur sakonagoetan ere egiteko beharra adierazi dute Aztiko ordezkariek: «Klima aldaketak gure kostaldean izan dezakeen eragina ikusita, beharrezkoa litzateke neurketak ur sakonagoetan egitea, ez baitakigu zer gertatzen ari den 110 metrotik behera».

Ildo horretan, nabarmendu dute egunotan zenbait hedabidetan itsasoko ur azalaren tenperatura beroaren inguruan aipatzen ari direnak printzipioz ez daukala zerikusirik klima aldaketaren gaiarekin. «Ur azalean 24 gradutan egon daiteke, baina hogei metro beherago hamasei gradura jaitsi daiteke. Zutabe osoa hartu behar da aintzat halako datuak kontuan edukitzeko», adierazi du Adolfo Uriarte Aztiko ozeanologoak. Izan ere, une honetan oso beroa egon daiteke, baina aski izan daiteke haizea edo olatuak mugitzea eta berehala ur azalaren tenperatura jaistea.

Munduko itsasoen berotze orokorraz ohartarazi dute nazioarteko hainbat zientzialarik. Txinako Zientzietako Akademiako Fisika Atmosferikoko Institutuak aurten iragarri du 2017an neurtu zituela mundu osoko ozeanoen tenperaturarik beroenak. Edonola ere, Txinako zientzialariek gogorarazi dute Ozeano Atlantikoak eta hego hemisferioko ozeanoek nozitu dutela horren eragina modu nabarmenagoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna