Aire kalitatea «oso txarra» izan zen Lezon sutean zehar

Parametro onargarria halako hiru ere izan zen arratsaldean. Portuko agintaritzak dio erretako txatarrak «hondakin ez-arriskutsuak» zirela

Aire kalitatea «oso txarra» izan zen Lezon sutean zehar.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lezoko (Gipuzkoa) airearen kalitatea «oso txarra» izan zen herenegun, Pasaiako portuko suteak iraun zuen bitartean. Eusko Jaurlaritzak han duen neurgailukodatuek diotenez, airean metro kubikoko 75 mikrogramo partikula (PM10) egon ziren, batez beste, osteguneko 11:00etatik 18:00etara. Airearen kalitatea bermatzeko parametroen arabera, «onargarria» da metro kubikoko 40 mikrogramora arte; 50etik aurrera «txarra» da, eta 75etik gora «oso txarra». 18:00etan metro kubikoko 135 mikrogramo egotera iritsi zen.

Kutsadura sortzen duten aireko partikulak neurtzen ditu PM10 adierazleak; zehazki, hamar mikrometro baino txikiago direnak. Behe arnasbideetaraino sar daitezke neurri horretako partikula txikiak. Datuen arabera, sutea ez zen izan arrazoi bakarra aire kalitatea «txarra» izateko: 08:00etan metro kubikoko 50 mikrogramo partikula zeuden airean.

Ostegun eguerdian sutea piztu zen Lezoko kaian zegoen txatar muino batean, Christine ontzitik deskargatzen ari zirela; blokeetan trinkotutako ibilgailuz osatutako 2.000 tona txatar ekarri zituen ontziak. Pasaiako Portuko Agintaritzak BERRIAri jakinarazi dionez, zama horrek «ziurtagiri guztiak» zituen, frogatzen zutenak material «ez-arriskutsua» zela: burdina eta altzairua zen. Portuko agintaritzak, ordea, baieztatu du lehen hipotesien arabera material horretan olioa ere bazegoelako piztu zela sua.

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak salatu du «kontrol faltagatik» gertatu zela hori: «Autoen txatarra bereziki kontu handiz kudeatu behar da, material arriskutsuak izan ditzakeelako, eta ez da hala egiten». Becerrak dioenez, portuko agintaritzak bere gain hartu beharko luke segurtasunaren kontrola, ostegunekoa bezalako gertaerarik ez jazotzeko. «Ziurtagiriek gauza bat diote, baina ez dut uste txatarra ikuskatzen dutenik portura sartu aurretik».

Portuaren eskumena

Ekainaren 26an onartu zuten Eusko Legebiltzarrean Portuen eta Itsas Garraioaren Lege berria. Ez da aplikagarria, oraingoz, Pasaiako eta Bilboko portuetan, horiek «interes orokorrekoak» izanik, eskumena Madrilek duelako. Eusko Jaurlaritzak, ordea, eskatu du bi portuen eskumenak ere bereganatzeko. Becerra «kezkatuta» dago, haren esanetan, lege horrek ez dituelako jasotzen «beharrezko kontrol neurriak». Horren ondorioz, eta eskumenen transferentzia aldaketa aurreikusiz, uste du legea ez litzatekeela baliagarria izango Pasaiako eta Bilboko portuak kudeatzeko. Elkarrekin Podemosek legeari zenbait zuzenketa egin nahi izan zizkion, baina ez zizkioten onartu. Besteak beste, koalizioak eskatu zuen portuko agintaritza arduratzeko hango jardueraren kontrola koordinatzeaz, eta neurriak hartzeko, portuan estali gabe dagoen txatarra bustitzean sortzen den isuria geldiarazteko.

Azken horren harira, zalantzazkoa da zergatik utzi zuten ostegunean txatar zama portuan pilatuta, zuzenean itsasontzitik edukiontziren batera eraman ordez. «Bezeroak erabakitzen du noiz behar duen merkantzia bere instalazioetan, eta bitartean portuan egoten da pilatuta», azaldu du Pasaiako Portu Agintaritzak.

Suteari erantzuna

Kudeaketa hobetu daitekeela onartu zuen atzo Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak Euskadi Irratian, baina adierazi zuen kontrolak «ondo ezarrita» dauzkala portuak. Gaineratu zuen, txatarrak «aktibitatea» ematen diola portuari. Bestalde, EH Bilduk ere «herritarren haserrearekin» bat egin du, eta azalpenak eskatu dizkio agintaritzari. Koalizioak salatu du ostegunekoa ez dela «kasu bakan bat» izan, eta portuko agintaritzari leporatu dio «edonolako negozioak» lehenestea herritarren ongizatearen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.