Mauleko hiltegiko zuzendari ohia eta langileak zigortu ditu epaitegiak

«Engainua» egitea leporatu diete, eta animalien kontrako «beharrik gabeko tratu txarrak»
Irudi gogorrak erakutsi zituen L214 elkarteak Mauleko hiltegian grabatutako bideoak.
Irudi gogorrak erakutsi zituen L214 elkarteak Mauleko hiltegian grabatutako bideoak. BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko urriak 30
Paueko auzitegiak erruduntzat jo ditu Mauleko hiltegiko zuzendari ohia eta langileak. Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Gerard Clemente zuzendari ohiari, gibelamenduarekin, «engainua» leporatuta, hiltegiaren labelaren baldintza bilduma ez errespetatzeagatik. Langileei, berriz, 80 eta 250 euro arteko isunak ezarri dizkiete, animaliei «beharrik gabeko tratu txarrak» ematea leporatuta. Hiltegiak berak ere orotara 23.800 euro ordaindu beharko ditu isun gisa. Epaileak ebatzi du tratu txarrak hiltzeko metodo «txar» baten ondorioa direla, eta hiltegiko zuzendaritza jakinean zela.

Prokuradoreak egin zituen eskaeren heinekoa da zigorra, L214 elkarte antiespezistaren iritziz. «Auzi honen ondoren eman diren zigorrik handienak engainuagatik izan dira; produktuaren kalitatearen inguruko engainua zigortu dute, hiltegiak labela zuelako, eta hainbat puntutan ez zuelako baldintzen bilduma errespetatzen», azaldu du Barbara Boyer elkarteko kideak. «Guretzat, animalien sufrimendua kukutzen duen erabaki bat da, kontsumitzailearen engainua animaliaren sufrimenduaren gainetik ezartzen delako; tratu txarren akusazioa isun sinple batzuez zigortua izan da, gehiegizko abiadura epaituko balute bezala». Frantziako legedia jarri du jomugan Boyerrek, engainua animalien sufrimendua baino gogorrago zigortzen duela salatuta. «Gure zigor kodeak ez du aski disuasio indarrik hiltegietako jarrera bortitzak oztopatu ahal izateko».

Boyerren hitzetan, langileen erantzukizuna ez da baztertu behar, eta beharrezkotzat jo du gaizki egindakoaz epaiketan erantzun behar izatea. Baina azpimarratu du azpiegituraren akatsekin zerikusia zuten jarrera desegokientzat errugabe jo dituela epaileak. «Aski logikoa da. Nahiz eta badiren jarrera batzuk barkaezinak direnak. Argi da hiltegietako langileek biziki baldintza zailak dituztela, eta hiltegiak ez badie material egokia eskaintzen haien eginbeharra are gehiago konplikatzen du». Argi utzi du epaiketa honen bidez ez zutela langileentzat zigor gehiago edo handiagoa espero, ez dutelako nahi langileak izatea «hiltegietan egunero gertatzen denaren aker bekatzaileak». Erabat «bortitza» den sistema bat zigortu behar dela uste dute.

Eskandalua Frantzian

2016ko martxoan atera zen argitara Mauleko hiltegiaren afera, L214 elkarte antiespezistak argitaratu zuen bideo sortaren ondorioz. Irudi gogorrak erakutsi zituzten; besteak beste, hiltegiko langileek nola jotzen zituzten arkumeak eta txahalak behin eta berriz. Buruz behera ezartzen zituzten abereak hil baino lehen, eta arkumeak noraezean ageri ziren; haietako bat makina batek nola laurdenkatzen zuen ere ageri zen irudietan. Euskal Herritik kanpo, Frantzian ere eskandalua sortu zuen, eta Stephane Le Foll garai hartako Laborantza ministroak hiltegi guziak ikuskatzea galdetu zuen. Iraileko epaiketan, agerian geratu ziren lan baldintzak eta kontrol sistemaren disfuntzioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna