Asteburuan, elikagai bilketa

Euskal Herriko elikagai bankuek kanpaina nagusia egingo dute. 2.000 tona bildu ziren iazkoan

Baionako elikagai bankuko kideak, txirrindulariekin, atzo goizean Baionan egin zuten aurkezpenean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Urteroko irudia da. Bizkarreko zuria edo laranja soinean dutela, elikagai bankuetako laguntzaileak supermerkatuetako atarietan ezarriko dira asteburu honetan. Euskal Herri guzian eginen dute ekinaldia, pobreziari eta prekaritateari buru egiteko herritarrei elkartasun keinu bat eskatuta: beharrean direnentzako oinarrizko elikagaiak erostea. Iaz, 13.000 tona bildu zituzten urte guzian, eta kasik 90.000 pertsonari eskaini zieten laguntza Euskal Herriko bankuek. Horretan, garrantzi berezia izaten dute urte bukaera heltzear antolatzen dituzten bilketa erraldoiek: iazko bilketan,2.000 tona janari eman zituzten euskal herritarrek.

Aurten ere kopuru beretara iritsi gogo luketela adierazi du Philippe Bonenfantek, Baionako elikagai bankuko presidenteak. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eremuaz arduratzen dira, eta 4.000 pertsona inguru laguntzen dituzte urtero. Supermerkatuen atarietan herritarrei poltsak banatuta, 100 tona elikagai eskuratu zituzten iaz, urte osoan biltzen dutenaren hamarren bat. Ondoren, bereizketa eta banaketa lanari ekingo diote. Baionako Saint Bernard auzoan duten hangar handian egiten dute lan hori. Kafe eta zereal kaxak pilatuak ageri ziren atzo goizean. «Ikusiko duzue astelehenean: hau dena janariz betea izanen da, eta dena bereizten eta sailkatzen arituko gara tira ahala».

Dozenaka laguntzaileren esku kolpearekin egiten dute bilketa. Izen handiko laguntzaileak ere izaten dituzte urtero. Aurten, goi mailako kirolari batek baino gehiagok eman dio atxikimendua kanpainari; tartean, Romain Sicard eta Loic Chetout txirrindularia eta Martin Fiz atleta daude. «Gero eta gehiago ikusten ditugu honelako bilketak, eta horrek ere gizarte arazo bat dagoela frogatzen du. Beraz, horregatik pentsatzen dut geure burua entzunarazi behar dugula. Gure irudiarekin eta eraginarekin, gaur egun gure presentzia garrantzitsua dela pentsatzen dut», adierazi du Loic Chetoutek.

Jaka Horiak, kezka iturri

Frantzian nagusitu den egoera sozialarekin kezkatua agertu da Philippe Bonenfant, Baionako elikagai bankuko presidentea; horrek Ipar Euskal Herrian izan dezakeen eraginaz. Azkenaldian Frantziako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoek herritarren elkartasunean eragin ote dezaketen beldur da. «ISF zergaren kentzearekin elkarteenganako dohaintzak erdira jautsi dira», deitoratu du. Izan ere, dohaintzak zergetan deklaratuta, zerga apaltzea lor daiteke.

Jaka Horien mugimenduak ere sortzen dio kezka; egoera ekonomiko zail baten erakusgarri delako. Baita azken bide mozketekin supermerkatuetarako sarbideak oztopatu zituztelako ere. «Guk jaka laranjak ezarriko ditugu, urtero bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.