Skolae hezkidetza proiektuak abian segitzea onartu du Auzitegi Nagusiak

Familia batzuek salaketa jarria dute, eta eskatu zuten ebazpena eman arte Skolae geldiaraztea. «Interes orokorra» lehenetsi du auzitegiak

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak hezkuntzaren esparruan egindako apustu nagusietako bat da hezkidetzarena. Skolae programa proposatu du horretarako, eskoletan «kultura berdinzalea» bultzatzeko eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziazio lana egiteko. Eskuineko sektoreek, ordea, oso gogor jo dute programaren aurka: haurrak «doktrinatu» nahi izatea leporatu diote Iruñeko gobernuari. Joan den larunbatean, adibidez, elkarretaratzea egin zuten Iruñean, Skolae «inposizioa» delakoan. Auzitara ere jo dute, baina lehen xedea ez dute lortu: Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu proiektua behin-behinean etetea.

Guraso batzuek jarri zuten salaketa Auzitegi Nagusian. Argudiatu zuten hezkidetza programa hori oinarrizko eskubideen aurkakoa dela. Bi eskubide aipatu zituzten bereziki: batetik, askatasun ideologikorako eskubidea; bestetik, seme-alabak norbere sinesmenen arabera hezteko eskubidea. Salatu dute, izan ere, «familien heziketa eskubidea» urratu egiten duela Skolaek, «genero ideologian doktrinatzea» duelako helburu. Uste dute hezkidetza horretarako «aitzakia» bat dela.

Gurasoen helburua zen epaileek salaketaren oinarriari buruz ebatzi bitartean Skolae bertan behera uztea. Ez dute lortu. Epaileek bi argudio eman dituzte eskaria atzera botatzeko. Batetik, azaldu dute ezin dela esan Skolae indarrean egoteak «kalte konponezina» dakarrenik; bestetik, ohartarazi dute familia gutxi batzuek jo dutela auzitara, eta, hortaz, «eskola planifikazioaren interes orokorra» lehenetsi behar dela.

Solana: «Justifikatua dago»

Auzitegi Nagusiaren erabakia ontzat jo du Maria Solana Hezkuntza kontseilariak. «Alegazioak egin genituen, eta erabat justifikatuta dago programak aurrera egitea. Skolae eteteak ez zuen justifikaziorik». Hala ere, kontuan izatekoa da auzitegia oraindik ez dela sartu salaketaren oinarrian, Skolaeren beraren edukietan: orain erabaki duena da ebazpena iritsi arte programa indarrean egotea.

Ehun ikastetxetan abian jarria dute Skolae, eta gobernuaren asmoa da zentro publiko guztietan ezartzea. Hainbat gai jorratzea du helburu: genero desorekak, jazarpena, edertasun kanonak, mitoak... Itunpeko eskolen kasuan, ez da derrigorrezkoa Skolae, baina proiektu bat eduki behar dute.

Polemika handia eragin dute Skolaeren bueltan, eta Hezkuntza Departamentuak salatua du jazarpena jasaten ari dela. Besteak beste, eduki pornografikoak dituzten gutunak jaso dituzte teknikariek. Gogoan izatekoa da Solana kontseilaria polizia babesarekin dagoela ekainaz geroztik; hiru aldiz sartu zaizkio bulegoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.