Espainiak orduko 90 kilometrora jaitsiko du ohiko errepideetako abiadura muga

Gobernuak gaurko bileran onartuko du neurria, eta hilabete baino lehen indarrean jarriko dute Hegoaldean. Istripuak gutxitzeko helburua du
Orduko 90 kilometroko muga adierazteko seinale bat.
Orduko 90 kilometroko muga adierazteko seinale bat. SEBASTIEN NOGIER / EFE

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko abenduak 28
Bigarren mailako errepideetako istripu kopurua jaisteko asmotan, Espainiako Gobernuak abiadura murriztuko du ohiko errepideetan, bi norabideak fisikoki bereizi gabe dituzten bideetan. Orduko 100 kilometroko abiadura muga eduki dute orain arte, eta orduko 90 kilometrora jaitsiko dute orain. Ministro kontseiluak gaurko bileran onartuko du dekretua. Neurria berehala jarriko dute indarrean Hego Euskal Herrian: hilabeteko epea jarri dute seinaleak moldatzeko. Gogoan izatekoa da horrelako neurri bat indarrean dela Ipar Euskal Herrian udatik: abiadura muga orduko 90 kilometrotik 80ra murriztu zuen Frantziak.

Abiadura muga jaisteko asmoa gobernura iritsi orduko erakutsi zuten sozialistek. Puntukako gidabaimena ezarri ondorengo urteetan nabarmen gutxitu zen hildakoen kopurua, baina azken urteetan gorantz hasi da berriro, eta neurri gehiago hartzeko asmoa du Madrilek. PPren asmoa zen aldaketa handi bat egitea zirkulazio arauetan; PSOEk, berriz, erabaki du unean uneko moldaketak egitea, aldaketa handi bat egin ordez.

Gogoan izatekoa da neurri bat baino gehiago jarri dituela mahai gainean DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak; besteak beste, iragarria du puntukako gidabaimenean moldaketak egingo dituela, eta sakelako telefonoa erabiltzeagatik zigor handiagoa izango dela: sei puntu kenduko dituzte, orain baino hiru gehiago. Drogen eraginpean gidatzearen edo alkohol probari uko egitearen parekoa izango da telefonoa erabiliz joatea. Whatsapp eta horrelako aplikazioen erabilerarekin daude bereziki kezkatuta: gidariek arreta galtzen dute, ez dute etengabe errepidera begiratzen, eta ezbeharrak izaten dituzte horregatik.

Kamioiak eta autobusak

Abiadurarekin dauka beste kezka nagusia Espainiako Gobernuak. Hala esan du Pere Navarro DGTko zuzendariak: «Bide segurtasunean, gai handia da abiadura: istripuak eragiten ditu, hil egiten du, edo zauri larriak eragin». Gehienezko abiadura mugak jaitsita istripuak gutxitzeko itxaropena du.

Espainiako arauek orduko 100 kilometroko muga dute ohiko bideetan, baldin eta bide bazterrak metro eta erdi badu; bazterra txikiagoa bada, orduko 90 kilometrokoa da muga. Aldaketarekin, denen muga izango da 90 kilometrokoa. Murrizketak eragingo die kamioiei ere: orain arte gehienezko muga orduko 90 kilometrokoa zuten, eta aurrerantzean, 80koa. Salbuespena egingo dute autobusekin, orain arte bezala segituko baitute 90eko mugarekin; «oso istripu gutxi» dituztelako erabaki dute muga hori ez jaistea.

Errepideen ardura duten erakundeek hilabeteko epea izango dute seinaleak egokitzeko. Itsasgarriak jarri ahalko dituzte orain arteko seinaleen gainean —orain hurrena hala egin zuten autobideetako abiadura muga behin-behinean orduko 110era jaistean—.

Herrigunean, 30eko muga

Espainiako Gobernuaren aldaketa hori bat dator Europako joerarekin, DGTk nabarmendu duenez. Batasuneko herrialde gehienek dute orduko 90 kilometroko muga. Badira hortik gorakoa dutenak —Erresuma Batua eta Alemania, adibidez—, baina azpitik daude gehiago. Suediak du mugarik apalena: orduko 70 kilometro.

Bigarren mailako errepideetan soilik ez, abiadura mugak herriguneetan ere moldatu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Orduko 50 kilometrokoa da abiadura muga orokorra, nahiz eta hortik beherakoak ere ezartzen dituzten oinezko asko ibiltzen diren lekuetan. DGTren asmoa da norabide bakarra duten kaleetan orduko 30 kilometrokoa izatea muga. Aldaketa hori prestatzen ari dira, eta 2019an aurkeztekotan dira. Batera hartuko dituzte patinete elektrikoei buruzko neurriak ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna