Aurrematrikulan hamabi ikastetxe hautatzen utziko du Jaurlaritzak

Urtarrilaren 28tik otsailaren 7ra bitartean egingo da kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta otsailaren 4tik 8ra Nafarroan
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, atzo, kanpaina aurkezten.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, atzo, kanpaina aurkezten. BERRIA

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko urtarrilak 22
Datorren astelehenean hasiko da Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta DBHrako aurrematrikulazio kanpaina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Otsailaren 8ra arte egongo da epea zabalik; 7ra arte, on line eginez gero. Nafarroan, berriz, otsailaren 4tik 8ra arteko tartea izango dute familiek.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak informazio puntuak sortu ditu, iaz lurralde ordezkaritzetan martxan jarri ziren Eskolatze Bulegoen osagarri. Hamahiru gune Gasteizen egongo dira; zortzi, Bilbon; eta bat, Arrasaten (Gipuzkoa). Hainbat berritasun izango ditu aurtengo aurrematrikulazioak. Batetik, ikastetxea hautatzeko eta umeak puntuatzeko modua aldatu dute. «Ikasle guztiek plaza bat izango dute prozesuaren hasieratik», zehaztu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Aldaketen ondorioz, gurasoek hamabi ikastetxe aukeratzeko aukera izango dute, euren lehentasunen araberako hurrenkeran.

Orain arte, ikasle bakoitzeko hiru ikastetxe hautatu zitezkeen. Eta eskola bakoitzeko plazak zentro hori lehen aukera modura zeukaten eskaeren artean banatzen ziren, lehenik. Horrek arazo bat sortzen zuen. Lehen aukeran lekurik ez eta bigarren edo hirugarren zentrora jo behar izaten zuten gurasoek. Baina, ordurako, ikastetxe horiek beteta egoten ziren sarri, eskola horiexek lehen aukera gisa zeuzkaten umeekin, nahiz eta ume horiek puntuazio gutxiago eskuratu. Hori saihestu nahi izan du Hezkuntza Sailak.

Horregatik, aurrerantzean ikastetxe bakoitzak jasotzen dituen eskaera guztiekin osatuko da zerrenda, familien lehentasunen hurrenkera kontuan hartu gabe. Hau da, ume guztiak zerrenda berean sartu beharko dituzte, eta denak elkarrekin puntuatu. Horrela, familiek ziurtatuta edukiko dute eurek baino puntu gutxiago eskuratu dituen beste bat ez dela eurak baino lehen sartuko aukeratuko ikastetxera. «Aldaketa honekin, plaza gutxi edo eskaera asko dituen ikastetxe bat lehenetsi izanak ez ditu hipotekatuko hurrengo eskaeretarako aukerak».

Sare publikoan bigarren berritasun bat ere izango dute: Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 1. mailara igarotzerakoan, ez dute eskaera egin beharko, ikasleak ibilbideko ikastetxe atxikian jarraituko badu. Beste edozein ikastetxetara joateko, bai, eskaera egin beharko dute gurasoek.

Hurbiltasuna eta hizkuntza

Nafarroan, berriz, iazko gisa berekoa izango da aurrematrikulazioa. Hurbiltasuna eta hizkuntza izango dira ikastetxeak esleitzeko irizpideak. EDUCA kudeaketa plataforman daude distantziak kalkulatzeko geolokalizazioa, baremazioa eta zozketa prozesua. «Nafarroa osoko ikasleen eskubide linguistikoak bermatzeko, edozeinek gogoko hizkuntza eredua hautatzeko aukera izanen du», esan du Roberto Perez Hezkuntza zuzendariak. 3 urteko 6.000 umek hasiko dute eskola.

Maria Solana Nafarroako Hezkuntza kontseilariak eskola publikoaren ezaugarriak zein diren azaldu die familiei: «Hezkuntza berritzailea, inklusiboa, berdintasunezkoa eta eleaniztuna lortzea da gure departamentuaren helburua. Zeharkakotasunez egiten dugu lan, guztion eskola publikoaren izen ona, kalitatea eta hurbiltasuna hobetzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna