Euskal Elkargoa. Batera-ren ikuskaritza

27 gomendio hirigunea hobetu dadin

Batera-k Euskal Elkargoaren herritar ikuskaritza egin du, instituzioa sortu eta bi urtera. Jean Rene Etxegarairen eskuetan dira emaitzak
Joan den larunbatean aurkeztu zituzten Batera-ren ikuskaritzaren emaitzak, Ainhize-Monjolosen.
Joan den larunbatean aurkeztu zituzten Batera-ren ikuskaritzaren emaitzak, Ainhize-Monjolosen. ISABELLE MIQUELESTORENA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko urtarrilak 26
Zer egin Batera plataformarekin Euskal Elkargoa sortu ondotik? Hasieran finkatutako lau aldarrikapenetatik bakarra lortu bada ere —eta nahi zena baino apalagoa—, herritar plataforma desegitea mahai gainean izan zuten, baina sortutako instituzioaren zaintza herritarra egitea zegokiela erabaki zuten azkenean.

Herritar ikuskaritza bat antolatu dute azken asteetan, Ipar Euskal Herriko lehen instituzioa sortu eta bi urtera lehen balorazioa egiteko. Hiru fase izan ditu gogoetak, eta 270 bat pertsonak parte hartu dute. 27 gomendioko txostena argitaratu dute, legean aldaketarik egin gabe, Euskal Elkargoaren gaur egungo funtzionamendua hobetzeko balioko dutelakoan. Joan den larunbatean eman zioten Jean Rene Etxegarai lehendakariari lanaren emaitza.

GOBERNANTZA PAKTUA

2017an bozkatutako gobernantza paktuak 2020an du epemuga. Horrek finkatzen du Euskal Elkargoaren instantzia bakoitzaren osaketa; Batera plataformakoen iritziz, joko arauak ez badira hauteskundeak aitzin finkatuak, arriskua dago sekulako kalapitak sor daitezen eserlekuen banaketari begira. Horiek horrela, 2019 hondarrean hauteskunde kanpainan sartu aitzin, araudi berria finkatua izatea nahiko lukete.

Aldaketen artean, lehendakariorde postuetan ardura tematikoak eta lurraldeei lotuak bereiztea proposatzen dute, batzorde eragileko parte hartzaileen kopurua emendatuz.

Arduren metaketa mugatzea ere gomendatu du Batera-k, departamenduko edo eskualdeko kontseilari edo auzapez kargu bat Euskal Elkargoko ardura postu batekin bateragarria ez dela kontsideratuta.

TEKNOKRAZIA EKIDITEA

Bildutako iritzien arabera, hautetsi anitzek duten irudipena da erabaki batzuetan zerbitzuetako teknikariek gaina hartzen dutela, eta, proiektuen edukiaren gogoetan parte hartu ordez, aitzinetik idatzitako proiektuen artean hautatzera mugatzen dela beren lana. Horregatik, hautetsien parte hartzea faboratzeko neurriak hartzea proposatu dute.

Araberan, dosier garrantzitsuenak aitzin, batzorde tematikoak biltzea segurtatzea eta batzorde horiek gizarte zibileko eragileei irekitzea beharrezkotzat jo dute.

LURRALDE POLOAK

Bere garaiko hamar herri elkargoen araberako hamar poloz osatua da gaur egun Euskal Elkargoa; eremu horiek berrikustearen beharra adierazi du Batera-k, eta haien parte hartzea indartzea gogoeta eta erabakietan. Gaur egun, hautetsiei informazioa emateko guneak bilakatuak dira polo horiek, zinezko dinamismorik gabe.

Halaber, beharrezkotzat jo dute zerbitzu batzuen deskontzentrazioa —gaur egun denak Baionan dira—, bereziki barnealdeari lotuak direnak lekuz aldatuz —laborantza, adibidez—.

HERRITARREKIN LOTURA

Herritarren informazioa eta parte hartzea hobetzeko hamar neurri proposatu dituzte herritar ikuskaritzan parte hartu dutenek, hala nola batzarren zuzeneko hedapena, tokiko informazio bilkurak egitea, elkargoaren organigrama argi bat agerraraztea... Gaur egun herritar anitzek instituzioarekiko duten urruntze sentimendua gainditu nahiko lukete horrela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna