Salestarretako beste irakasle ohi bat ikertzen hasi da kongregazioa

Zuzeneko salaketarik ez dute jaso, baina sare sozialen bidez jasotako informazioan onarritu dira. 30 gizonek jarri dute salaketa jadanik

Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Gero eta salaketa gehiago azaleratzen ari dira Deustuko Salestarrak ikastetxeko sexu abusuen auzian. Eta irakasle gehiagoren izenak ere agertzen ari dira. Bilboko eskolan irakasle aritutako apaiz baten inguruko ikerketa kanonikoa abiatu du Salestarren Kongregazioak, hark ere sexu erasoren bat egin duen argitzeko. Pablo Ortega du izena, eta 80 urte ditu. Santanderren (Espainia) bizi da egun, baina Madrilera mugiarazi dute, adingabeengandik apartatzeko; izan ere, oraindik «laguntza jarduerak» egiten zituen haiekin «noizean behin».

El País egunkariak eman zuen atzo Ortegari buruzko ikerketaren berri. Kongregazioak BERRIAri baieztatu dio sexu abusuekin lotutako protokoloa martxan jarri dutela: apaiza haurrengandik aldentzea eta ikerketa hastea erabaki dute. Bozeramaileak zehaztu du ez dutela zuzenean biktimen salaketarik jaso, baina Interneteko sare sozialetan eta bestelako solasaldietan egindako «iruzkinetan» oinarritu direla neurriok hartzeko. 1970eko hamarkada erdikoak dira lekukotza horiek.

1980ko urteetakoak dira, berriz, Jose Miguel San Martinen aurkako salaketak, abusuen auzia lehertu zutenak. Urtarril amaieran egin zuten urratsa zortzi gizonek, eta irakasle ohiak eginiko eraso sexual eta fisikoen berri eman zuten Ertzaintzarenean: ukituak, musuak, masturbazioak, bortxaketak eta jipoiak izan zirela kontatu zuten, salatzaileek 8 eta 10 urte artean zituztela.

Laugarren salatua

Lehen zortzi gizon haien kasuak ezagutarazi zirenetik, etengabekoa izan da salaketen jarioa. Guztira 30 ikasle ohik aurkeztu dute salaketa —Ertzaintzara jo dute 26k; lau salatzaile kanpoan bizi dira, beraz, Guardia Zibilaren aurrean jarri dute salaketa hiruk, eta Mossos d'Esquadrarenean batek—. El País-en arabera, beste hamar lagun inguru daude salaketa jartzeko prest.

Dena den, Ertzaintzak ez du zehaztu zenbat pertsonaren aurkakoak diren salaketak, hau da, soilik San Martin seinalatu duten ala irakasle gehiago dauden abusuetan inplikatuta. Hedabide batzuek argitaratu dutenez, ordea, ikasle ohien testigantzetan izen gehiago ere agertu dira: laugarrena litzateke Pablo Ortegarena; beste biak hilda leudeke. Horrez gain, duela hamabi urte Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketa batean 1960ko urteetan izandako abusuez mintzatu zen gizon bat, eta bi irakasle aipatu zituen; artxibatu egin zen salaketa hura.

Ikastetxearen aurka ere kritika zorrotzak eragin ditu auziak. Abusuak argitara atera zirenean, Salestarren Kongregazioak adierazi zuen ez zuela inoiz jaso San Martinen aurkako kexarik, nahiz eta salatzaileetako baten amak esana zuen 1980ko hamarkadaren amaieran zuzendaritzari jakinarazi ziola semeak jasandakoa. Gerora, ordea, ikastetxeak aitortu zuen 1989. urtean izan zutela ikasle bik jasandako abusuen berri. San Martinek hurrengo urtean utzi zituen eskola eta salestarren ordena. Baina, BERRIAk joan den astean jakinarazi zuenez, bitarte horretan ez zuten haurrengandik aldendu; areago, tutore lanetan mantendu zuten San Martin. Eta ondorio larriak izan zituen horrek: ikasle ohi batek salatu du 1990ean irakasleak sexu abusuak egin zizkiola behin baino gehiagotan.

Ikastetxeak aitortu du orduan egindakoa ez zela «nahikoa» izan, eta barkamena eskatu du. Kongregazioak berretsi du laguntzarako talde bat martxan dela jada, «biktimen eskura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.