Fiskalak ez du eskatu Izarren erasotzailea espetxeratzeko

Epailearen autoak berretsi zain, libre jarraituko du epaiketa egin bitartean. Sara Izarrekin plataformakoek elkarretaratzera deitu dute

Sara eta Izar Majarenasen alde egindako mobilizazio bat, 2017ko martxoan, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Epaileak joan den ostiralean utzi zuen libre, eta atzo Picassenteko epaitegian (Valentzia, Herrialde Katalanak) egindako auzi saioan fiskalak ez zuen ikusi hura berriz espetxean sartzeko arrazoirik. Epailearen autoak berretsi beharko du —gaurko espero dute—, baina Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatzeagatik atxilo hartutako gizonezkoak libre jarraituko du epaiketa egin bitartean. Horiek hala, Sara Izarrekin plataformakoek elkarretaratzera deitu gaurko, Donostiako epaitegiaren aurrean (18:30). Hau ez da justizia, lelopean egingo dute protesta.

«Harrituta» hartu zuen atzo Sara Majarenasen defentsak fiskalak egindako eskaria. «Ulertezina» iruditu zitzaien fiskalak ez ikusi izana arrazoirik erasotzailea berriro espetxean sartzeko, eta epaiketa egin bitartean libre jarrai dezala galdegitea. «Auzipetze autoa emanda dago, sumarioa laster itxiko dute, eta epaiketa laster egingo da. Erasotzaileak aitortu du berak egin zuela erasoa, eta jakina da zigortu egingo dutela. Ez dugu ulertzen nolatan uzten duten libre, eta nolatan egin duen horrekin bat fiskalak», azaldu zion atzo BERRIAri Sara Majarenasen abokatu Onintza Ostolazak.

Herenegun jakin zen duela bi urte Sara Majarenas euskal preso ohiaren alaba Izar hiltzen saiatzeagatik atxilo hartutako gizonezkoa aske utzi zuela epaileak, ikerketa «gehiegi» luzatzen ari zela argudiatuta. «Salbuespenezko neurritzat» du epaileak behin-behineko espetxealdia, eta, bi urte igarota, erasotzailea aske uztea deliberatu zuen epaiketa egin artean. Joan den maiatzean behin-behineko kartzelaldia luzatzea erabaki zuen epaileak, baina joan den ostiraletik kalean da erasotzailea, urruntze aginduarekin. Ordutik, Majarenas eta haren alaba zaintzapean dira.

Fiskalak hala eskatuta, auzi saioa egin zuten atzo. Espero bezala, Majarenasek eta haren abokatuak eskatu zuten erasotzailea berriro ere espetxean sartzeko. Ez, ordea, fiskalak.

2017ko urtarrilaren 17an erasotzaileak bere burua entregatu zuen haren eta Majarenasen alaba labankadaz hil egin zuela esanez. Ez zuen hil, ordea, eta Valentziako ospitalean artatu ostean osatu zen haurra. Majarenas Picassenteko espetxean preso zegoen orduan. Zigorraren hiru laurdenak beteak izan arren, ez zuten Majarenas askatu, eta, Alcobendasko (Espainia) harrera pisu batean izan dira biak zigorra osorik bete arte, joan den apirilaren 9ra arte.

Erasoaren egunean bertan sartu zuten erasotzailea espetxean, baina epaileak orain argudiatu du luzatu egin dela ikerketa, auzitegi medikuen txosten baten zain baitaude. Autoan azaltzen du, gainera, behin-behineko espetxealdia «objektiboki beharrezkoa denean» soilik ezarri behar dela. Libre izan arren, kautela neurriak jarri dizkiote, eta Picassenteko Guardia Zibilaren egoitzan sinatu beharko du egunero; pasaportea ere kendu diote.

Urruntze agindua ere badu erasotzaileak. Debekatua du EAEn sartzea, eta haurraren eta Majarenasen lantoki, eskola eta bizilekutik bi kilometro baino gertuago egotea. Majarenasi ere jarri diote eskumuturreko telematikoa, eta zaintzapean dute. Gainera, Ertzaintzari haurraren mugimenduen berri eman behar izan die, haren «segurtasuna bermatzeko». Gainontzeko senideek ez dute zaintzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.