Frantziako Gobernuak haurdunaldi subrogatuen debekua berretsi du

Lege proiektua aurkeztu du Ministroen Kontseiluan, eta irailean onartu beharko dute diputatuek

Haurdunaldi subrogatuak debekatzea berretsi du Frantziako Gobernuak. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak ateak itxi dizkio haurdunaldi subrogatuari. Ministroen Kontseiluan aurkezturiko bioetikako lege proiektu berrian berretsi egin du 1994tik indarrean dagoen debekua, eta irailean Asanblea Nazionalean onartzea da asmoa. Agnes Buzyn Osasun ministroak idatzi du egitasmoa, Justizia eta Ikerketa ministroekin batera, eta erabaki irmoa izan da: «Praktika horrek bioetikako oinarrizko printzipioak urratzen ditu; giza duintasuna eta giza gorputzaren merkantilizaziorik eza».

Legea Frantziako Etika Batzordearen erabakiaren ostean iritsi da. Batzordeak 2018ko irailean aurkeztu zuen 40 kidek osaturiko txostena, eta herritarren iritziak bildu zituzten han. Desadostasunak izan baziren ere, batzordea haurdunaldi subrogatuen aurka azaldu zen. Honela arrazoitu zuen batzordeko presidenteak, Jean Francois Delfaissy-k: «Gorputzaren merkantilizazio prozesu bat gerta daiteke». Batzordearen txostenaren babespean, aurrerapausoa eman du orain gobernuak.

Frantziako legedia dela eta, Ipar Euskal Herrian debekaturik dago haurdunaldi subrogatua 1994tik; bide horren hautua egiten duten gurasoek atzerrira joan behar dute. 2014az geroztik, atzerrian haurdunaldi subrogatuaren bitartez jaio diren haurrek frantziar nazionalitatea eskuratu dezakete, eta 2017tik erregistro zibilean onarturik daude.

Hego Euskal Herrian ere ez da subrogazio bidezko haurdunaldirik onartzen, baina 2010etik erregistro zibilean erregistra daitezke atzerrian jaiotako haurrak. Espainiako Bioetika Batzordeak gogor egin izan du subrogazioaren aurka, eta nazioarteko arau esparru bat eskatu du, debeku unibertsala ezartzeko. «Andreen esplotazioa» dela salatu du batzordeak.

Ernalkuntzan mugarik ez

Haurdunaldi subrogatuen debekua berresteaz gain, lege proiektuak berrikuntza bat dakar: lesbianei eta bikotekiderik gabeko emakumeei ernalkuntza lagundua ahalbidetuko die Gizarte Segurantzak. Gaur egun, bikote homosexualek soilik erabil ditzakete ernalkuntza lagunduaren teknikak bide publikotik, eta emakume askok beste herrialde batzuetara jo behar izaten dute. Irailetik aurrera, baina, ate berriak ireki daitezke.

Buzyn ministroak nabarmendu du urrats hori gizartean gertatzen ari den eraldaketaren isla dela, «familia ereduetan dagoen aniztasuna» onartzen delako. Aldaketa, ordea, berandu dator. Emmanuel Macron presidenteak 2017ko hauteskunde kanpainan iragarri zuen laguntza bidez ernaltzeko mugak kenduko zizkiela andrez osatutako bikoteei eta bikotekiderik ez duten andreei. Legea 2018rako onartzea zen asmoa; lehen urratsa, baina, urtebete beranduago iritsi da.

Mugak kentzeak filiazio eredu berria ekarriko du. Emakumezko bikoteek borondatezko adierazpen bat sinatu beharko dute aurrez, notario aurrean, biak jaiotzatik haurraren amak aitortuak izan daitezen. Erabakiak hautsak harrotu ditu hainbat kolektiboren artean: neurria «diskriminatzailea» dela uste dute, eta sistema bera eskatu dute guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.