Euskararen dekretuaren aurkako epaia berretsi du auzitegi nagusiak

Adierazi du lan elebidunen kopurua hizkuntza eremuen beharren arabera zehaztu behar dela

Iazko ekainean euskararen kontrako manifestazioa egin zuten Iruñean, Nafarroako eskuinak deituta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ordu gutxian bigarrenez jo du Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen dekretuaren aurka. Asteartean edukiz hustu zuen, euskara lanpostu publikoetarako meritu gisa ezartzeko betebeharra kenduz eta paisaia linguistikotik baztertuz. Oraingoan, Medikuen Sindikatuak eta Afapna eta Satse sindikatuek dekretuaren aurka jarritako helegiteak baztertu ditu —sindikatuek dekretu osoa indargabetzeko eskatzen zuten—, baina, berriz ere, dekretuaren puntu nagusiaren aurka egin du: euskara meritu gisa hartzea ezin da betebehar izan eremu mistoko eta ez euskalduneko lan deialdietan.

Afapna sindikatuak jarri zion dekretuari helegiteetako bat. Lanpostu elebidunen kopurua eta ezaugarriak zehazten zituzten artikuluen aurka egina zuen Afapnak, baina auzitegiak «ahula eta nahasia» iritzi die aurkeztutako argudioei. Sententziak dio sindikatuak ez duela frogatu zein diren artikulu horrek urratzen dituen eskubideak. Salaren arabera, lanpostu elebidunen kopurua eta ezaugarriak zehazten dituen artikulua bat dator euskararen foru legearekin eta Espainiako Konstituzioarekin, lanpostu kopurua hizkuntza eremuen beharren arabera zehaztu behar delako.

Medikuen Sindikatuaren eta Satseren kasuan, dekretuko 27. artikuluaren aurka egin dute, iritzita eremu euskaldunean hizkuntzaren merituari ematen zaion garrantzia «gehiegizkoa» dela, eta horrek «mugatu» egiten dituela euskaraz ez dakitenek lanpostua lortzeko dituzten aukerak, «merituen eta gaitasunen arteko berdintasun printzipioa urratuz». Kasu horretan ere, epaileek atzera bota dute helegitea, alegatuta sindikatuek ez dutela aurkeztu proportzionaltasunik ezaren frogarik.

Desadostasunak, agerian

Nafarroako Auzitegi Nagusiarenepaiak arrakala sortu du gobernukideen artean. Balorazio erabat ezberdina egin dute gobernua osatzen duten alderdiek. Txarretsi egin dute erabakia Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. PSNk, aldiz, ontzat eman du.

Herenegun, lehen epaia kaleratu orduko azaleratu ziren desadostasunak. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria kasazio helegitea aurkeztearen alde mintzatu zen asteartean. Atzo, ordea, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta eledun Javier Remirezek erran zuen «aukera guztiak irekita» daudela. Gobernuaren zerbitzu juridikoak epaiaren «analisi teknikoa» egiten ari direla azpimarratu zuen, eta ondorio horiek aztertu ondotik hartuko dutela erabakia. Hizkuntza politikaren arloan gobernuak akordio programatikoan ezarritakoa beteko duela azpimarratu zuen eledunak. Akordio programatikoak hizkuntza politikaren inguruan dio Justiziak hartzen dituen erabakiak errespetatuko dituela gobernuak

Desadostasunen inguruan galdetuta, Remirezek adierazi zuen ohikoa dela gobernua osatzenduten alderdien artean desadostasunak egotea. Haatik, azpimarratu zuen gobernuaren «pluraltasuna» dela haren indarguneetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.