David Plaren kontrako euroagindua onartu du Parisko Dei Auzitegiak

Momentuko, ez dute Espainiaren esku utziko. Xantiana Cachenaut haren abokatuak iragarri du Frantziako Kasazio Auzitegira joko dutela. Egon ez zen bilera batean egotea leporatzen diote Plari

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberak onartu egin du David Pla euskal preso ohiaren aurkako euroagindu eskaera. Defentsak datorren astelehenean helegitea aurkeztuko du Kasazio Auzitegian, eta hark bost bat asteko epea du ebazpena emateko. Bitartean, Pla ez dute Espainiaratuko. Auzitegi Nazionalak eskatu zuen euroagindua, 2008ko ustezko hitzordu bat zela eta. Halboka taldeko kidea izatea egozten diote —ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» leporatzen diete auzikoei—.

Auzitegi Nazionalak aurkeztutako akusazioengatik, Frantziako Poliziak 2010ean atxilotu zuen Pla, Hendaian (Lapurdi), baina handik lau egunera aske geratu zen, epailearen aurretik pasatzeke, kargurik gabe. Zehazki, Madrilen akusazioak dio 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) etakide batekin bildu zela Pla, baina Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak joan den irail bukaeran Dei Auzitegiko auzi saioan azaldu zuen gertakari horiek Frantziako Estatuan gertatu zirela, Poliziak aztertu zuela gaia, epaileak Pla berehala kargurik gabe libre utzi zuela, Frantziako Poliziak esaten duela ez zela zuzena hura 2008ko hitzordu hartan egon zela; Cachenaut abokatuak zioen Parisek egiaztatuta daukala egun hartan Parisko kartzela batean zegoela, euskal preso baten bisitan. Cachenautek Poliziaren akta bat entregatu zuen iraileko auzi saioan. Hala ere, prokuradorea euroaginduaren alde agertu zen, eta, orain, epailea. «Ezin da ulertu erabakia», esan dio BERRIAri Cachenautek.

Erabakia «ezin da parametro juridikoetan ulertu», Jokin Etxebarria EH Baiko kidearen iritziz, eta Frantziaren «mendeku politikaren» barruan kokatu du. Haren iritziz, Euskal Herrian «bake prozesu bat eraikitzeko» egindako urratsen «sinbolo» bat da David Pla, eta oroitarazi du haren atxiloketa Frantziak eta Espainiak ETAren armagabetzeari emandako «blokeoan» gertatu zela. Azken asteetan Frantziako Justiziak hartutako beste erabaki batzuk ere aipatu ditu, eta nabarmendu du EH Baik lanean segituko duela, Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta instituzionalarekin batera, gaur egun diren «blokeoak» desaktibatzeko.

Bakegileek ere erabaki «onartezina» dela salatu dute sare sozialetan, eta heldu den urtarrilaren 11n Baionan eginen duten manifestazioan parte hartzera deitu dute: «Gauzak aldatzeko garaia da».

Asier Ezeiza, Espainiara

Asier Ezeiza euskal presoa behin- behinean Espainiaren esku uztea erabaki zuen atzo Frantziako Justiziak. Sei hilabeteko epean bidaliko dute, eta gehienez ere hiru hilabete atxikiko dute bertan, Auzitegi Nazionalean bere kontrako epaiketa egiten duten bitartean. 2003ko uztailean Alacanten eta Benidormen (Herrialde Katalanak) bi atentatutan parte hartu izana leporatzen diote. Ezeiza 2008an atxilotu zuten Dijonen (Frantzia), Olga Comesekin batera. Hiru aldiz kondenatu dute Frantziako auzitegiek, eta zortzi, sei eta bost urteko presondegi zigorrak ezarri dizkiote.

David Pla: "ETA desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, irabazteko anbizioz hartua"

Kasazio Auzitegiak ontzat eman du Iratxe Sorzabal Espainiaratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.